Irungo Ernai: "Santanok babestu behar duen alardea parekidea da"
Irungo Ernaik alardearen gaineko irakurketa egin du sanmartzialetako ekimen hori iristear dela. Argibide gehiago emateko agerraldia egingo dute bihar, 12:00etatik aurrera, udaletxearen atarian. Hala, Ernaik gogor kritikatu du udalak alardearen gaian duen jarrera, “Santano alkateari behingoz aurpegia emateko exijitzen diogu. Herriaren ordezkari den heinean alarde publiko eta parekidea da babestu behar duen alarde bakarra”.
Alardearen gaiarekin Irunen “gatazka” dagoela adierazi du Ernaik, “eta gatazka horrek bere horretan jarraituko du udalak publikoki onartu arte. Baina ez dugu egoera hau onartzen, emakumeen eskubideen urraketa delako”. Horregatik, Irungo Ernaik “alarde bakar eta parekidearen alde” egiten duela nabarmendu du, “jaiak herriarentzako direlako eta herriaren parte emakumeak ere bageralako”.
“17 urte luze”
Ernaik alardearen gaian 1996tik egin den bidearen gaineko gogoeta egin du ere. Urte horretan, egun tradizionala bezala izendatuta dagoen alardean parte hartzea erabaki zuen emakume talde batek, “helburua izan zen emakumeak herriko jaietan parte hartzeko eskubidea zutela aldarrikatzea”. Orduan, udalaren erantzuna “ulertezina” izan zela esan du Ernaik: “Irainak, kolpeak, mespretxua… izan ziren nagusi urte hartan, eta alkatearen hitzak honakoak izan ziren: ‘Herritarrek egin dutena egin dute, herria babestu'”. Ordutik “17 urte luze” pasatu direla esan du Ernaik, “baina zoritxarrez, udalaren diskurtsoa ez da aldatu”.
Alkateak gai horren gainean “ezikusiarena” egiten duela uste du gazte mugimenduak, eta deitoratu du alarde “pribatu eta diskiriminatzailea” babestu eta alarde publikoa “existituko ez balitz bezala” jokatzen duela: “Nola liteke alarde tradizionalari ongi etorria egin, eta alarde publikoan ez agertzea? Erantzuna, beti bezala, hauteskundeetako bozketan dago”.