Aldundia: "Emakumeen kontrako biolentzia estrukturala da"
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere Errenteria-Oreretako emakumearen heriotza gaitzetsi du. Laura Gomez, Berdintasunerako foru zuzendariak “emakumezkoen kontrako biolentzia estrukturala” dela esan du, “intentsitate ezberdina duten ohiko biolentziak pairatzen baitituzte, egoerarik latzenetan heriotzaraino daramaten lesioak eragiten dituztenak. Ikuspuntu honetatik, emakume guztiak biolentzia matxistaren biktima potentzialak gara”.
Gomezek gaineratu duenez, heriotza eta erailketak “adierazlerik bortitzena” dira, “baina biolentzia matxistak emakumezkoen bizitzaren esparru guztietan jarduten du”. Zentzu horretan, emakumeentzat ez dela bakerik egongo esan du euren “giza eskubide oinarrizkoenak sistematikoki zapaltzen jarraitzen den bitartean”
Familiari “elkartasun eta maitasuna” adierazi dizkio eta aldundiaren ordezkaritza Errenteria-Oreretako elkarretaratzean izango dela argitu du.