Gipuzkoako PSE-EEk emakumearen ustezko hilketa "arbuiatu" du
Gipuzkoako PSE-EEk, Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailearen bidez, Errenteria-Oreretako emakumearen ustezko hilketa “arbuiatu” du, eta aldi berean hildakoaren familiari doluminak helarazi dizkio, “atsekabetuta gaude”. Adierazpenak Irunen egin ditu Romerok, bertan egin dutelako gaur Batzar Nagusietako ordezkariek bilkura. Irunen egonda, Asun Casasola Nagore Laffageren ama gogoan izan du sozialistak, “zuen mina albo batera utzi, eta emakumeen berdintasunaren aldeko lanari ekin ziolako”. Yasmine Rodriguezen kasua ere izan du gogoan Romerok.
Gizarteari oro har eta tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei bereziki deia egin die sozialistak, erasotzaileak sala ditzaten, “hori eginda, babeserako neurriak jartzeko aukera egongo baita”, eta erakundeei eskatu die bortizkeria matxistaren kontrako borroka indartu dezaten, “izan ere, uste baitut erakundeetako murrizketek eragina dutela emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokan”.