Oarsoaldeko berdintasun arloak: "Emakumeenganako indarkeria gehiagorik ez!"
Oarsoaldeko lau udaletako berdintasun arloetako ordezkariek agiri bateratua egin dute. Hona, hitzez hitz, Errenteria-Oreretako emakumea ustez hil dutelako plazaratu duten oharra:
“Errenteriako 40 urteko emakume bat hil da Donostia ospitalean, atzo arratsaldean hainbat kolpe zituela ospitaleratu eta gero. Dagoeneko Ertzaintzak bere bikotekidea atxilotu du eta ikerketa zabaldu du erailketaren nondik norakoak argitzeko. Gertakari larri hau dela eta, Oarsoaldeko udaletako berdintasunerako arloek bat egingo dute Errenteriako Udalak heriotza salatzeko 19:30ean deitutako elkarretaratzearekin, eta baita eskualdeko talde feministek zein emakume taldeek egindako deialdiekin.
Garbi izan behar dugu horrelakoak ezin direla gertatu gure gizartean eta, horregatik, horien kontrako borrokan gure konpromiso tinkoa berretsi nahi dugu, udal langile eta ordezkari gisa. Eta maila bereko konpromisoa eskatu nahi diegu, bai gainerako erakundeei, eta baita herritarrei ere, guztion konpromisoa ezinbestekoa baita indarkeria hori deuseztatzeko. Amaitzeko, Oarsoaldeko berdintasunerako arloetatik, emakumearen familiari gure elkartasuna adierazi nahi diogu”.