Biolin doinuak berritasun direla iritsiko da 15. Erromeria Eguna

Larunbatean Erromeria Egunak Errenteria-Oreretako kaleak, dantzaz, musikaz eta abarrez beteko ditu. 1999 urtean hasi zen Ereintza Dantza Taldea erromeria menditik kaleetara eramaten. Antolakuntza lanetan ari den Pello Urreagak adierazi duenez, Erromeria Egunaren helburua ez da dantza ikuskizunak bakarrik eskaintzea, “baizik eta jendeak parte hartzea”.Erromeria Egunaren aurkezpena Urtez urte egitaraua antzeko izaten ohi da, baina beti berritasunak sartzen saiatzen direla berretsi dute antolakuntzakoek. Horrela, arratsaldean Gamon Zumardian egingo den erromeria nagusian, Arkaitz Miner biolinista errenteriarra jotzen ariko da, esku soinua eta perkusioa lagun dituela. Urreagak zehaztu duenez, “garai bateko erromerietan jotzen zuten biolina”. Horrez gain, orain dela hiru urte berreskuratutako soka dantza ere oroitarazi du. Musika eta dantza bakarrik ez dira izango larunbateko protagonistak. Eguerdiko herri bazkarian ere “giro aparta” egoten dela esan du Mila Alberrok. Orereta Ikastolak Koldo Mitxelena plazan duen egoitzan egingo dute. Jada jarri dituzte salgai txartelak, 15 euroren truke (hamar euro gazteenek), ondoko tokietan: Belen Gozotegian, Paki Dietetika Zentroan, Arkaitza tabernan eta Ereintza elkartean. Txorimaloak, Triki Sound, Estanga anai-arrebak eta Errenteria Musikaleko trikitilariak izango dira herriko kaleetan zehar. Horrez gain, Alkarkide txaranga, Errenteriako gaiteroak, Oarsoaldeko txistulariak, Zubietako joaldunak eta Txertubi eta Aiko taldeak izango dira. Honakoa da egitaraua:
  • 10:00etan: Diana.
  • 11:00etan: Hamaiketakoa Koldo Mitxelena plazan.
  • 12:00etan: Musikariak eta dantzariak kalez kale ibiliko dira.
  • 13:15ean: Neskatxen soka dantza Gamon Zumardian.
  • 14:30ean: Herri bazkaria Koldo Mitxelena plazan.
  • 18:00etan: Erromeria nagusia Gamon Zumardian eta kaleetan.
  • 19:00etan: Aiko taldea Gamon Zumardian.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.