ELAren arabera, Espainiako lan hitzarmena ezarri dute jada Hondarribiko Batzokian
ELA sindikatuko Zerbitzuen sailak salatu du Hondarribiko Batzokian jada ezarri dutela Espainiako Estatuko lan hitzarmena. Tokian tokiko hitzarmenen iraupena joan den igandean bukatzen ziren, eta horren araberako erabakia izan dela salatu du sindikatuak.
Bi argudio erabili ditu ELAk neurria salatzeko: batetik prozeduragatik haserre agertu da, Batzokiko arduradunak gela batean bildu zituelako bertako langileak igandean, 12:00etan, eta oharra irakurri zielako esanez Espainiako Estatuko lan hitzarmena ezarriko zitzaiela une horretatik aurrera, Espainiako Aldizkari Ofizialeko testu “labur” bat irakurriz. “presaka egin dute dena, langileei ez diete informaziorik eman, eta uste dugu ez direla zintzoak izan”.
Bestetik, Batzokiaren kudeatzaileen jokatzeko era gaitzetsi du sindikatuak, “lan hitzarmen hori aplikatzeak asko esaten du Batzokia kudeatzen dutenen nahien gainean”. Lan hitzarmenaren aldaketa jakinarazi ondoren langileak bazkariak zerbitzatzen hasi zirela zehaztu du ELAk.