
Txosna Batzordeko kideak, atzoko agerraldian
Madalenen atarian, Errenteria-Oreretako Txosna Batzordeak agerraldia egin zuen atzo arratsaldean jaietarako dituzten asmoen berri emateko. Kokapen gisa, batzordekideek esan zuten “izugarrizko lankidetza eta parte hartzea zabaltzeaz gain”, egitaraua prestatzeko ahalegina era zabalean egiun dutela, “jaiak herri osoko ikuspegitik antolatzeko aukera izan dugu”. Batzordean dauden eragileen aniztasuna nabarmendu dute, eta horren erakusle dela jai egitarau zabala eta gustu ezberdinetako herritarrentzako moldatu dutela, “herritarroen eta eragileon konpromisoa ezinbestekoa izan da jaiak burutu ahal izateko”.
Hainbat kontu garbi utzi nahi izan dituzte gainera. Batetik Txosna Batzordeak jakinarazi du ez dituela onartuko eraso sexistak, lesbofoboak edo homofoboak, “jarrera hauen aurka gogor egingo dugu”, eta jai giro parekidea aldarrikatu dute, onartuz, horien gaineko erantzukizuna herritarrena eta erakundeena dela.
Berritasunak
Hainbat berritasun txertatu dituzte batzordeko kideek euren egitarauan. Lehena biharkoa da. Jaiak ofizialki hasita ez izan arren, 19:00etarako poteo panfletarioa antolatu dute, eta edozein eragileri zabalik dagoela zehaztu dute, “norberak bere leloak eta aldarrikapenak eramanez”. Bazkaria ere egingo dute bihar, eta 23:00etan, Gatillazo, Odio eta Basura taldeen kontzertua.
Bestetik, nabarmendu dute Koadrilen Egunaren traza oso arrakastatsua izaten ari dela. Dagoeneko ia 1.000 lagunek eman dute izena bertako bazkarian parte hartzeko, eta atzo bertan bazkarirako elastikoak banatzen ibili ziren txosnetan; haurrentzako ere badaude elastikoak.