Hemezortzi talde ariko dira bihartik Aitor Txiki Futbito Txapelketan
Bihar ekingo diote Aitor Txiki VI. Xanistebanetako Futbito Txapelketari, Elorsoro kiroldegian. Kanporaketak bihar, larunbata, eta bihar zortzi izango dira. Azken partidak, aldiz, abuztuaren 5-6ko asteburuan jokatuko dituzte, 5ean finalerdiak eta 6an finala.
Hemezortzi taldek eman dute izena, hamabi jokalarikoa bakoitza. Goizeko bederatzietan hasiko dira partidak bihar, eta antolatzaileek uste dute 20:00ak arte egongo direla jokatzen. Bi talde herriko festetan egingo den azken faserako sailkatuko dira eta, lortzen ez dutenek, bigarren aukera izango dute hurrengo larunbatean, hilaren 27an.
Aitor Txiki VI. Xanistebanetako Futbito Txapelketako lau lehenek izango dute saria: irabazleek garaikurra eta Intxixu jatetxean afaria izango dute; bigarrenek, garaikurra eta Arizpe jatetxean afaria; eta hirugarrenek eta laugarrenek, garaikurra eta saski berezia Irusta, Lizar eta Oiartzun ardoaren eskutik.