
Duela 37 urte hil zuten Josu Zabala
Jaietako egun handia zuten atzo hondarribiarrek, alrdearena, festarako eguna. Baina gertakari beltz batek urtero gogora arazten die 1976ko hilaren 8a ez zela festa eguna izan. Egun hartan Goardia Zibilak Jesus Mari Zabala gazte irundarra hil zuen San Pedro kalean, Txantxangorri tabernaren ondoan dagoen karrikatxoaren kalean, amnistiaren aldeko manifestazioan parte hartzen ari zenean.
“Egun hartan hemen izan zirenek ongi gogoratzen dute indar armatu espainiarra goizean goizetik azaldu zela herrian, eta jarrera probokatzailea izan zuela egun osoan. Hala ere, eta Hondarribia jaietan izaki, jai giroan igaro zuten eguna, arratsaldeko manifestazioan Guardia Zibilak gogor eraso zuen arte. Denetarik erabili zuten arratsalde hartan Hondarribian, beste herri askotan gertatzen zen bezala, gas negar eragileak, borrak, pilotak botatzeko armak, eta baita balak botako zituztenak ere. Zauritutako eta kolpatutako jendea nonahi topa zitekeen San Pedro kalean”.
Zabala bertan hil zutela gogora ekartzen zuen mural bat margotu zuten bertan eta urte batzuetara, eraikina margotu zutenean, gaztearen argazki bat eskegi zuten plaka batean. Eta urtero, alardearen egunean, omenaldia egiten zaio goizeko desfilea amaitu eta gero. Atzo ere dozenaka izan ziren Zabala hil zutela salatzeko eta “Euskal Herria egoera berri batean murgilduta” dagoela adierazteko gazte irundarra hil zuten txokora hurbildu zirenak.