
Plastiko beltzak izan dira berriro Kale Nagusian baina Jaizkibelen aldekoek aukera izan dute bertatik alardea jarraitzeko
Istilurik gabe burutu zuen atzo Jaizkibel konpainiak alardeko desfilea. Kale Nagusia emakumearen parte hartzearen kontrakoen oihuen artean igo behar izan zuten, baina Segurtasun Sailak ostiralean igorritako ebazpenak zenbait berrikuntza zekartzan eta ertzainek betearazi zituzten, plastiko beltzen atzean izkutatzen zirenen inpunitatea galeraziz.
Hala, aurten lehen aldiz Jaizkibeleko kideek ez dute eraso fisikorik jasan eta horregatik konpainia parekideko arduradunak oso pozik zeuden arratsaldeko saioa amaitu eta gero. Izan ere, Irungo alardean bezala, arratsaldeko desfilean izaten dira eraso gehienak, telebistak eta bestelako komunikabide nagusiak ez daudenean. Aurten, baina, Jaizkibelen ibilbidea babestu zuten ertzainek, plastiko beltzen atzean izkutatu nahi zirenei hori egitea eta erasoak burutzea galeraziz.
Istilu bakarra konpainia ia osoa Arma Plazara iritsi zenean gertatu zen, espaloian zegoen gizon batek Jaizkibel konpainiaren atzetik zihoan taldetxoko kide bat kolpatu zuenean. Ertzainek erasotzailea identifikatu zuten eta ez zen askoz gehiago gertatu. Orain arte ohikoa izan da konpainiaren atzetik taldetxo bat joatea babesa azalduz, baina aurten lehen aldiz Segurtasun Sailak hori ez egiteko espreski eskatzen zuen. Lehen urtea izanik, denek ez dute ebazpenaren berri izan eta arratsaldeko desfilean taldetxo bat joan zen Jaizkibelen atzetik.
Gainera, desfilearen ibilbide osoa bideo kamerarekin jaso zuten ajenteek, baina konpainiaren ibilbidea urrutitik jarraitu zuten, Kale Nagusian salbu, eta, poliziarik gabe, alardeaz disfrutatu ahal izan zuten bai Jaizkibel osatzen duten gizon eta emakumeek zein espaloietan pilatzen ziren herritarrek. Kale Nagusian ez bezala, beste inon ez zen kartelik ezta irainik egon, eta gutxi batzuk baino ez zieten bizkarra eman Jaizkibelekoei San Pedro eta Zuloaga kaleetan.
Irakurri goizeko kronika