
Azkarrenetik motelenera, denak izan dira saridun haurren moto txapelketan
Egun luzea izan zen atzokoa, denentzat. Hilaren 8an ohi baino lehenago jaikitzen dira hondarribiarrak eta gutxi dira lotara goiz itzultzen direnak. Atzo gainera, traineruaren garaipena gehitu zitzaion festetako egun nagusiari eta, hori ere, ospatu beharra zegoen. Horregatik, heldu gutxi zegoen gaur goizean kalean, eta hori probestu dute haurrek jaien jabe egiteko.
Hamaiketan ireki dute puzgarrien parke erraldoia eta ordu berean hasi da V. Plastikozko Moto Lasterketa. Batean zein bestean ume asko pilatu dira, akaso puzgarrietan beste urte batzuetan baino gehiago. Nolanahi ere, eguerdira arte izango dute aukera eta arratsaldean ere irekiko dute parkea, 17:00etatik 20:00etara.
Gazteek ere aprobetxatu dute goiza, euren kasuan, biharko berotzeko, arrantzale egunerako. V. Gazte Gynkana egon da Portuan eta sokamuturra Alde Zaharrean. Arratsaldean ere ez dira aspertuko, ez gazteak, ez gaztetxoak ezta ere haurrak. Puzgarriez gain, puzzle txapelketa egingo dute.
Gauean, atzoko txilibito eta danbor erakustaldiaren ondotik, bestelako musika itzuliko da jai eremuetara. Baina aurretik ezin da galdu Kemen Dantza taldeak Arma Plazan eskainiko duen erakustaldia (20:00), ezta traineruari egingo zaion omenaldia (19:00).