Hilaren 26an jasoko du Basterretxeak aldundiaren Urrezko Domina
Gipuzkoako Foru Aldundiak hilaren 26an emango dio 2013ko Urrezko Domina Hondarribian bizi den Nestor Basterretxea eskultoreari, Donostian. “Artista bezala izan duen bilakaeragatik eta gizon konprometitua izateagatik” jasoko du saria, uztailan Martin Garitano Ahaldun Nagusiak azaldu zuenez: “1924ean Bermeon jaioa, gazte-gaztetatik Gipuzkoan errotua, zalantzarik gabe XX. mendeko euskal artistarik gailen eta aipagarrienetako bat da. Hala, 1940ko hamarkadan margolaritzan hasi zenetik, eskulturgintzan bukatu zueneraino, lan ugari egin ditu hainbat eremutan, hala nola zineman, diseinuan, arkitekturan eta hirigintzan, argazkilaritzan eta idazkuntzan. Beraz, Basterretxeak erakutsi du artista osoa dela, diziplina itxien mugetatik haragokoa”.
Urrezko plakak ere
Urrezko dominaz gain, 2013ko Gipuzkoako Urrezko Plakak banatuko dituzte hilaren 26an. Bi izango dira, eta Egin eta Euskaldunon Egunkaria komunikabideek jasoko dituzte.