Irungo kale eta errepide gehienetan mugatu nahi du Irungo Udalak ibilgailuen abiadura, orduko 30 kilometrora. Horren harira, udala hainbat informazio kanpaina egiten ari da. Lehena uztailaren 15ean hasi zen, eta batez ere udaltzainek informazio orriak eman zizkieten ibilgailu gidariei. Urritik aurrera berrekingo diote informazio kanpainari, zehazki abiadura hori gainditzeagatik izan daitezkeen zigorren berri emateko: neurri horiek ez dituzte abian jarriko urtea bukatu arte.
Horren harira, abiadura moteltzeko gailuak jarriko dituela iragarri du Irungo Udalak. Honako kaleetan jarriko dituzte: Bizkaian, Errotaberrin, Artiga pasealekuaren eta Cesar Figuerido kalearen arteko kantoian, Olagizonen kalean, Hendaia kalean, Ibarlako errepidean, Ama Birjina Mirarietakoa kalean, Dolores Salis errepidean, Juan Thalamas Labandibar kalean (12. zenbakiaren parean), Errotaundin, Jaitzubia errepìdean, eta Anaka kalean (tanatorioko semaforoaren aurrean).
2011ko abuztuan onartu zuen Irungo Mugikortasun Mahaiak 30eko eremu bihurtzea hiria. Irun 30 izeneko araudiarekin batera, aurrerago beste hainbat neurri hartuko ditu udalak hiriko erdialdeari oinezkoentzako izaera emateko, tartean Luis Mariano, San Juan eta Urdanibia plazen peatonalizazioak.