Fanderiako presa berriro eraikitzeko proiektuari alegazioa jarri dio Eguzkik
Eguzki talde ekologistak Errenteria-Oreretako Fanderia auzoaren parean zegoen presa berriro eraikitzeko proiektuari alegazioa jarri dio. Presa hori 2011ko uholdeetan desegin zen. URA agentziari eskatu diote eraikitzeko baimenik eman ez dezan.
Ekologistek salatu dute Papresaren “interes pribatua” herriaren eta ingurumenaren gainetik jarriko dutela, “urteetan Oarsoaldeak Papresaren eraginak pairatu ondoren (zaratak, ibaiaren pozoitzea, usainak, kamioien trafikoa…)”.
Horrela, presa hori berriro eraikiz gero, babestuta dauden espezieetan izango luke eraginik handiena. Ondokoak dira arrain espezie horiek, besteak beste: amuarrainak, izokinak, aingirak… Gainera, Natura 2000 Sarean dagoen Aiako Harria Babes Bereziko Eremuan izan dezakeen eragina aztertu arte espedientea gelditzea eskatu du Eguzkik. Eguzkik nabarmendu du, 2011ko uholdeen ondoren, izokinak Oiartzuneraino igotzen hasi ziren.
Beste alternatiba
Paper fabrikaren ur beharrak asetzeko “beste alternatibarik” badagoela adierazi dute alegaziogileek. Aztertu ez direla salatu dute, eta horregatik alegazio luzea aurkeztu dute, beste irtenbide horiek jasotzen dituena. Gaineratu dutenez, presa berriro eraikitzea “azken hamarkadetan ibaiak biziberritzeko hartutako neurri eta irizpide guztiei aurre egitea da”.
Gipuzkoako Foru Aldundia presa eraikitzearen kontra dago, baita estatu mailako Ekologistak Martxan eta AEMS-Rios con Vida elkarteak ere. Aldundiaren txostenaren arabera, irtenbide onena presarik ez egitea da.
Azkenik, ibaian gora dagoen Iurritako errotako presaren kontzesioa ez luzatzea eskatu dute, baita ere, alegazio horietan. Kontzesioak iraungitze data pasatu du. Horrela, arrainek ibaian gora egitea ahalbidetuko dela esan dute.