Gazteentzako "egitasmo ekintzaile eta euskalduna" abiatuko dute Oiartzunen
DBH1 eta DBH2 mailetako gaztetxoei zuzendutako “egitasmo ekintzaile eta euskalduna” abian jarriko duela jakinarazi du Oiartzungo Udalak. “Kuadrillategik eta Gazte Foroak izan dituzten oinarri batzuk uztartuko ditu, lagunartean euskaraz aritzeko ohitura bultzatuko baitu, baina era berean, gaztetxoak euren aisia antolatzeko orduan eragile aktibo izango dira”, esan du udalak. Hala, ekimenaren barruko saioak ostiraletan izango direla zehaztu du udalak, Iturriozko Dorretxean (19:00etatik 21:30era), eta egitasmoaren izena zein izango den gaztetxoek eurek erabakiko dutela nabarmendu, “hori izango da lehendabiziko lana”.
Euskara eta Gazteria arloen elkarlanari esker abiatu da egitasmo hori, Irati Etxebeste eta Oihan Tello bi sail horietako zinegotziek jakinarazi dutenez, eta horri forma emateko herriko guraso eta aisiako eragileekin bildu dela azaldu du udalak. Horrez gain, herriko bi ikastetxeetako 365 ikaslek (LH6 mailatik DBH3 artekoak) gaiaren gaineko inkesta egin zuten zuten, eta iaz Kuadrillategin parte hartu zutenekin ere egin ziren egitasmoa mamitzeko jarduerak. Hala, udalaren arabera, gazteek “parte hartzeaz gain, antolatzeko nahia” adierazi zuten, eta aisiako eragileek gazteak “pasibotasunetik ateratzeko beharra” nabarmendu zuten. Horren guztiaren ondorioa da egitasmo berria.
Horretan izena emateko epea hilaren 27an (ostirala) bukatuko da. Hori Elizalde Institutuan edo Haurtzaro Ikastolan egin behar dute ekimenarekin bat egin nahi duten gaztetxoek. Saioak urrian hasiko dira.