Pasaiako Udal Euskaltegiak ikasturtea aurkeztu du Trintxerpen. Ane Olkotz euskaltegiko zuzendaria, Gema Amundarain idazkari akademikoa eta Miguel Mari Torrea Euskara zinegotzia izan ziren aurkezpen ekitaldian. Horrela, euskara inolako kosturik gabe ikasi daitekeela nabarmendu zuten. Izan ere,
hainbat baldintza beteta, ez da ikastarorik ordainduko.
Udal Euskaltegiaren ikasturte hasieraren aurkezpena.
Adierazi zutenez, euskaltegiak ordutegi zabala izango du, ikasleen betebeharrei erantzuteko asmoz. Gainera, euskalduntzeko maila guztiak eskaintzen dituztela jakinarazi dute, tartean EGA edota HABEren lehenengo, bigarren eta hirugarren mailako titulazioa.
Eskolez gain, euskaltegitik kanpoko jarduerak ere egingo dituzte, baita Mintzalagun zein Mintzaegunak ere. Asteburutako barnetegiak eskainiko dituzte, eta ez da faltako Santa Ageda Egunaren bueltan antolatzen duten aste kulturala.
Matrikulazio epea datorren asteazkenera —hilaren 25a— arte dago irekita, eta euskara ikasi edo indartu nahi dutenek Udal Euskaltegitik pasa beharko dute (Euskadi etorbidea, 61-Trintxerpe). Bestela, 943 00 43 40 telefono zenbakira deitu dezakete, edo euskal@pasaia.net helbide elektronikora mezu bat bidali.