Oiartzungo Sortuk bat egin du LOMCEren aurka egingo den manifestazioarekin
Larunbat honetan, hilak 12, Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCEri ez! Inposaketei ez! lelopean manifestaziora deitu dute Euskal Herriko hainbat hezkuntza eragilek. Oiartzungo Sortuk deialdi horrekin bat egin du, “eraso honek herri gisako erantzuna eskatzen du”.
LOMCEk “hezkuntza publiko/herritarraren aurkako eraso bortitzat” jotzen du Sortuk, eta horrez gain, hezkuntzaren ikuspegi neoliberal eta zentralistaren “inposaketa garbia” dela deritzo. “Hezkuntzak herriaren eskura, eskuetan eta eskuetara egon behar du; herriaren biziraupen eta garapenerako tresna izan behar du eta pertsonaren zein kolektiboaren garapen integrala bultzatu behar du”, azaldu du.
Herriko Sorturen arabera, LOMCEk hezkuntza kapitalaren esku uzten du, herritarrak baztertuz: “Klase aberatsen eta merkatuen garapenerako tresna bilakatzen du hezkuntza eta pertsona edo kolektiboaren garapena baino, lan eskuaren formazioa eta jendartearen klaseen araberako sailkapena bilatzen ditu”.
Bide horretatik, dekretu horrek hainbat egitasmo “kinka larrian” uzten dituela nabarmendu du; hala nola, Euskal Curriculuma, Euskal Unibertsitatea eta Ikasle Euskaldun Eleanitzak Sortzeko proposamena.