
Noblia, Garmendia eta beste hiru eserlekuak hutsik, atzoko plenoan
Urriko osoko bilkura egin zuten atzo arratsean Hondarribiko udaletxean, herriko jaien ondoren egiten duten lehena. Beste gai batzuen artean, Bilduren zinegotzien dimisioak aztertu zituzten. Azken orduko erabakiaren ondoren, hiru izan dira dimisioa aurkeztu eta mantendu duten zinegotziak, ezker abertzaleko kideak: Juanito Ortiz, Ibai Labaien eta Marilena Castillo.
Hasiera batean Katalin Nobliak ere aurkeztu zuen dimisioa baina, ezker abertzaleko ordezkariek ez bezala, alderdiaren babesa jaso dute Eusko Alkartasunako hautetsiek eta Nobliak atzera egin du. Hala bost zinegotzietatik bik jarraituko dute, Mikel Garmendia eta Noblia, biak EAkoak.
Atzoko bilkuran Bilduren Udal Taldeko hiru eserleku hutsik egon ziren, eta ez dago batere argi dimitutako zinegotzien lekua norbaitek hartuko ote duen. Asteartean Sorturen herri batzarra izan zen herriko festen ondoren sorturiko egoera lantzeko baina, HITZAk jakin izan duenez, batzarran ez zuten zinegotzien ordezkapenez eztabaidatu.