25. urteurrena du aurten Trintxerpeko Trintxer elkarteak. Gaur dute zilarrezko ezteien egun handia, eta dena behar bezala ospatzeko kalera atera dira Trintxerreko kideak, eta trintxerpetarrak oro har. Hasteko, elastiko urdinekin jende asko ikusi da Euskadi etorbidean; izan ere, urteurreneko elastikoa atera du Trintxerrek, eta gaur, eguraldi ona baliatuz, bazkideek elastikoa harro eraman dute.
Bestetik, herri kirolen erakustaldia (bertakoak dira ondoko irudiak), ekitaldia, poteoa eta herri bazkaria egin dituzte eguerdian arratsaldeko musikaren eta dantzaren zain. Ekitaldi politikoan Alvaro Reizabalek parte hartu du. Elkartea sortu zutenean Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kide zen Reizabal, eta gogora ekarri zituen orduan elkartea sortzeko izan ziren zereginak, baita orduko testuinguru politikoa ere; egungoarekin alderatu du. Bestalde Idoia Arbelaitz Landare elkarteko kide eta Herriko Tabernen auzian auzipetuak hizketaldia egin du, eta adierazi du aste honetan Euskal Herriko hainbat herriko tabernen kontrako epaiketak ez duela zentzurik, eta besteak beste auzi horretako Oarsoaldeko auzipetuak gogora ekarri ditu.
Bazkaria frontoian egin dute. Horren ondoren, Fermin Balentzia kantautoreak musika emanaldia egin du.
Ondoko bideoa Trintxerrek 25. urteurrenaren harira egin du. Bere ibilbidea errepasatzeko bideoa da.