Irun Zuzenean jaialdiaren estreinaldia, larunbatean

Antolatzaileak eta udaleko kideak gaurko aurkezpenean

Antolatzaileak eta udaleko kideak gaurko aurkezpenean

Larunbatean (hilak 19), 22:00etatik aurrera eta Ficoban, Irun Zuzenean ekimenaren lehen jaialdia egingo dute udalak eta hiriko hainbat eragilek nahiz musikazalek sustatua. Kartel erakargarria prestatu dute, gainera: Roy Loney & Señor No, Barrence Whitfield & The Savages, eta AZ/DZ dira Ficobako oholtzaren gainera igoko diren taldeak. Ez hori bakarrik, larunbatean zehar haurrek ere musikaz gozatzeko aukera izango dutelako Txikiak elkarteak eta Ezmugak taldeak Mendibil parkean hainbat ekimen antolatu dituztelako, 12:00etatik aurrera. Jaialdia Irun Zuzenean ekimenaren barrukoa da. 2012ko apirilean abiatu zen musika egitasmoa Irungo eta Bidasoko musikaren panorama dinamizatzeko asmoz, bertako ehun artistikoa —kontzertu antolatzaileak, sustatzaileak, artistak, aretoak…— balioan jartzeko. Ordutik 40 kontzertutik gora izan dira hirian, kalean nahiz hainbat aretotan —Amaia KZ, Tunk!, Ficoba, Cafe Irun…—. Horren guztiaren segida da larunbateko jaialdia. Belen Sierra udaleko Kultura ordezkariak jaialdiaren gaurko aurkezpenean esan du garrantzitsua dela Irun Zuzenean-ek hiriari musikaren mundua garatzeko eman dion aukera, nahiz eta “osagai askokoa” izan. Hala, larunbata arte unean uneko ekimenak egin direla gogorarazi du, eta larunbatekoa “mugarria” izango dela. Sarrerak eta haurren jaialdia Ficobako jaialdirako sarrerak Bloody Mary dendan eros daitezke aldez aurretik hamar euroan, baita Kutxabanken sarreren zerbitzuan ere. Larunbatean Ficobako leihatilan bertan eros daitezke, baina 18 euroan. Irundik kanpo etortzen direnek topo zerbitzu berezia izango dutela jakinarazi dute antolatzaileek euren herrietara joateko: 03:00etan eta 05:00etan aterako dira topo horiek Donostiarako noranzkoan. Eta eguerdian haurren musika festa egingo dute Mendibilgo parkean, 12:00etatik aurrera. Bertan pop musika eta haurrentzako animazioak nagusi izango dira Joseba Irazokiren, June y Los Sobrenaturales-en, eta Don Loope DJaren parte hartzearekin. Skola Musik-ek umeentzat hainbat tailer prestatuko ditu.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.