Asier Legorburu, Miren Irigoien, Eider Mitxelena eta Irati Etxebeste. Goian, Oihan Tello, Mailu Iragorri eta Manoli Larraiotz
Oiartzungo Udala 2014ko aurrekontuei begira jarri da dagoeneko eta urriaren 30etik azaroaren 12ra bitarte auzoz auzo bilera egingo dute herritarrekin.
Heldu den urtean 15 milioi euro pasatxoko aurrekontua izango du Oiartzunek, besteetan bezala, ekonomia krisiak baldintzatuta: “Hirigintzatik jasotzen zen dirua urtez urte behera doa eta udaletik kanpoko erakundeetatik jasotzen den diru kopurua ere murriztuz doa. Lehentasuna oiartzuarren ongizateak eta hori bermatzeko zerbitzuek izango dutela nabarmendu du udalak. Hala, iaztik zertxobait gehitu dute Gizarte-Ongizate arlora eta herritarrek jasotzen dituzten laguntzak mantendu egin dituzte.
Auzolanetarako kopurua ere mantendu egingo da hurrengo urtean, 100.000 euro, hain zuzen. “Herriko eragileek jasotzen duten diru kopurua mantentzeko ahalegina ere egin du udalak, euren lana herrigintzan funtsezkoa baita. Gainerako ataletan, berdintsu mantendu dira partidak”, udalak zehaztu duenez.
Auzoetako beharrak finkatzea, helburua
Aurrekontuetako gaia ere herritarrekin landu nahi du udalak eta auzo bakoitzean bilerak egingo ditu. Bilera horietan 2014ko aurrekontuak aurkeztuko dituzte, dirua nola bideratuko den azaldu eta auzoetako beharrak finkatzea izango da helburua. Aurreko aurrekontu prozesuetan zein Hirigintzako Plangintza Orokorraren auzo batzarretan jaso diren proposamenak aintzat hartuta, auzoetako beharrak zerrendatuta ditu udalak.
Auzo bakoitzean orain arte egindako lanak baloratu nahi ditu auzotarrekin eta planteamendu batzuk aurkeztuko dira. 200.000 euroko aurrekontua egongo da auzoetako beharretara bideratzeko. Horietako batzuk auzolanean gauzatuko dituzte eta beste batzuk ez; hortaz, dagokion arloko plangintzan txertatuko dira. Hala, 300.000 euroko bideratuko dira guztira (auzolaneko 100.000 batuta) auzoetako beharretara.
Auzoetako jarraipena, zinegotziek
Zinegotzi bakoitzak auzo baten ardura hartuko du hemendik aurrera, “herritarren parte hartzea erreala izan dadin eta herritarrek eurek egiten dituzten eskaerak betetzen direla bermatzeko”. Asier Legorburu Altzibar auzoko arduraduna izango da; Pello Aramendi Elizaldekoa; Eider Mitxelena, Arraguakoa; Oihan Tello Gurutzekoa; Manoli Larraiotz Ergoiengoa; Mailu Iragorri Ibarrekoa; Miren Irigoien Iturrizkoa; Irati Etxebeste Ugaldetxokoa eta Zigor Goikoetxea Karrikakoa. Guztiaren koordinatzailea Aiora Perez de San Roman alkatea izan da.
Auzoetako batzarrak:
Karrika: urriak 30, asteazkena, 20:00etan. Artaso elkartean.
Ergoien: urriak 31, osteguna, 20:00etan. Auzokalte elkartean.
Iturriotz: azaroak 6, asteazkena, 19:00etan. Auzo lokalean.
Gurutze: azaroak 6, asteazkena, 19:30ean. Bizardia elkartean.
Elizalde: azaroak 7, osteguna, 18:00etan. Udaletxeko areto nagusian.
Altzibar: azaroak 8, ostirala, 19:00etan. Eskoletan.
Ugaldetxo: azaroak 12, asteartea, 19:30ean. Atamitxen.
Arragua: azaroak 12, asteartea, 20:00etan. Aldeguna elkartean.