
Duela bi urteko irudia da honakoa, Hondarribiko Kale Nagusikoa
Donibane Lohizunetik abiatu eta Hondarribira iritsi. Hori da Euskal Herriko maratoi erdiaren ibilbidearen hasiera eta bukaera, Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketarena. 11:00etan hasiko da etzi lasterketa Lapurdiko herrian eta Hondarribiko San Pedro kalean bukatuko da. Milaka atletak parte hartuko dute, eta oraindik bada izena emateko aukera
Kirolprobak-en webgunean. Izena eman dutenek bihar arte dute dortsala eta txipa jasotzeko aukera, Hondarribiko kiroldegian, 18:30etik 20:30era. Egunean bertan, 27an, 08:00etatik 08:50era jaso daitezke horiek Hondarribiko helmugan (Donibane Lohizunera joateko autobusak daude).
Probaren gaineko hainbat xehetasun eman dituzte antolatzaileek. Horietako batek elkartasunarekin du harremana. Probaren babesleetako batek, DHL banaketa enpresak, parte hartzaile bakoitzeko euro bat bideratuko du Gipuzkoako Elikagaien Bankura, eta horren barruan, jakien ardura Eroskik hartuko du. Horrez gain, proba bukatzean 20 erreproduktoreren zozketa egingo dute parte hartzaileen artean. Probaren gaineko informazio gehiago
antolatzaileen webgunean lor daiteke.