
Elzo, Kontxako bandera irabazteagatik eginiko omenaldian irudiak hartzen
Gaur arratsaldean egingo dute Beñat Elzoren aldeko hileta elizkizuna. Alde Zaharreko parrokian egingo dute, 19:00etan. Goizeko hamaiketan erraustu dute; Bidasoko tanatoriotik eraman dute Zentolengo labera, eta bertan erraustu dute. Ostiralean hil zen Elzo, bihotzekoak jota, Jaizkibel mendira korrika egitera irten eta gero. 112 zenbakian dei bat jaso zuten eguerdian, eta ertzainak eta medikua Talaia bidera joan ziren. Helikopteroz joan behar izan zuten, iristeko leku zailean zegoelako. Gaztea lurrean etzanda zegoen, konorterik gabe. Iritsi zirenerako hilda aurkitu zuten.
Albistea jakin bezain pronto hasi ziren dolumin mezuak iristen. Arraunlari ohia zen Elzo eta lehen traineruan aritu zen, Ama Guadalupekoak 2006an ACT Liga irabazi zuenean. Aulki mugikorrean ere lehiatu izan zen Elzo, eta zortzikoan hainbat txapelketa irabazi zituen. Duela bi urte erabaki zuen arrauna uztea, baina kirola egiten jarraitu zuen.
Arraun elkartetik asko sentitu dute Elzoren heriotza. Albistea ezagutu eta hiru egunera, Edorta Kanpandegik ez zuen sinetsi nahi “arraunlariekin dugun zorte txarra”, eta Eñaut Labaien eta Urko Mendiburu taldeko kirolarien galerak gogora ekarri ditu. Bere ustez, polita izan da jendearen erantzuna, oro har arraunlariekin izaten duten gertuko jarrera. “Arraunlaria zen, asko ibiltzen zen herrian beti, oso ezaguna zen. Herriko jendearentzat kolpea izan da”. Arraun taldea utzi arren, taldekide ohiekin harremana ez zuen galdu Elzok. Aurten bertan mutilen bi traineruek irabazitako banderak ospatzen izan da eta herriko jaietan Kontxako bandera irabazi eta gero Ama Guadalupekoari egin zitzaion omenaldian berdez jantzita izan zen, beste edozein zale bezala.
Irungo Erlaitz elkartean

Erlaitzekoek jarritako argazkia
Arrauna utzita, Irungo Erlaitz Mendi Elkartearekin entrenatzen hasi zen. Mugalari taldekoa zen —mendi lasterketetan aritzen direnen taldea—, aurten Talaia eta Donibane-Lohizune lasterketak irabazi dituen Iker Oliveriren taldekide. Erlaitzekoak izan ziren bere heriotzarengatik tristura erakusten lehengotakoak. Elkartearen Facebook orrian Hondarribiko gaztearen argazki bat jarri zuten ostiralean bertan. Jaizkibel mendian korrika ageri da Elzo argazkian, barrez. “Horrela gogoratu nahi dugu beti gure lagun mugalari Beñat Elzo, beti irribarre batekin. Goian bego, lagun”, zioten Erlaitzekoek.
Menditik ere iritsi zitzaizkion dolumin mezuak Elzoren gertukoei. Curavacaseko gainetik (Palentzia, Espainia) Erlaitzeko bi kidek —Iñaki Kataka eta Iñigo Leal— honako mezua bidali zuten: “Nolakoa den bizitza, Gu hemen mendiaz gozatzen, elkarri begira eta erantzuna bera izan zen biena, gaizki sentitu gara, gustatzen zaigunarekin disfrutatzen gaudelako beste batzuek gure lagun mugalari Beñat Elzoren galera sufritzen ari direnean. Ze putada. Doala hemendik gure omenaldi txikia berarentzat eta bere familiarentzat”.
Zenbaezinak dira Elzoren heriotza dela-eta entzun eta irakurri diren mezuak. Gehienak Hondarribitik atera dira, baina kanpokoak ere asko izan dira, arraun mundutik, atletismotik, baita beste kirol batzuetatik ere. Larunbat goizean Lesakan minutu bateko isilunea gorde zuten Elzoren omenez, Beti Gaztek eta Antzuolak jokatutako Ohorezko Mailako partida baino lehen.
Eta Hondarribiko futbol taldeak besoko beltzekin jokatu zuen Hernanin larunbat arratsaldean. Partidaren aurretik Mikel Llorente entrenatzaileak aurreratu bezala, Hernanira hiru puntuen bila joan ziren, garaipena Elzori eskaintzeko. Multzoko talde indartsuenetakoa da Hernani baina helburua bete zuten hondarribiarrek, 0-1 nagusitu ziren eta Elzori eskaini zion garaipena Llorentek, taldearen izenean: “Taldeak ez du hutsik egin egun berezi honetan. Beñatek indarra eman digu partida aurrera ateratzeko. Hiru puntuak baino gehiago zegoen gaur jokoan eta helburua lortu dugu. Zuretzako Beñat”.