Euskal Ligan jokatzen duen La Bacaladera Hondarribia taldeak iaz baino hobeto hasi du denboraldia. Etxeko hiru partidak irabazi ditu eta kanpoko hiruetatik bi berdindu. Bosgarren urtea du Viki de la Hazak (Hondarribia, 1091) taldeko entrenatzaile bezala eta HITZAri esan dionez, iazkoa hobetzea izango du taldeak helburu.
Iaz baino hobeto hasi duzue aurten Euskal Ligako denboraldia.
Bai, aurreko denboraldia ez ginen ondo hasi, egutegia txarra zelako. Lehen itzuliaren hasieran eta bigarren itzuliaren hasieran konplikatua zen eta ez genituen emaitza onak lortu. Gero, kosta zitzaigun buelta ematea, baina nahiko ondo bukatu genuen.
Aurten hobeto hasi gara eta ez dugu hasiera errazagoa eduki; sailkapeneko bigarren, hirugarren eta laugarrenarekin jokatu dugu eta asteburuan liderrarekin tokatzen zaigu. Kanpoan partida bat galdu dugu gol bakarragatik, beste bi berdindu, bigarrenaren eta hirugarrenaren kontra. Pixka bat gehiago egin genezake, baina oso pozik gaude.
Zein da denboraldiko helburua La Bacaladera Hondarribiarentzat?
Helburua iaz egin genuena hobetzea da. Taldea gazteagoa da, jokalari beteranoak joan zaizkigu eta gazte mailakoak igo dira. Goiz da ikusteko nola ibiliko garen baina iazkoa hobetu dezakegun guztia, ondo egongo da.
Liga ona al da Euskal Liga taldearentzat?
Orain bai. Taldea oso gaztea da eta Espainiako Lehen Maila, hurrengo maila, handiegia litzateke, bai eskarmentu faltagatik, baita fisikoagatik ere. Pisu handirik eta altuera handirik ez dugu eta, hori horrela, hau maila onena da guretzat.
Altuera da taldeari falta zaiona, De la Hazaren ustez
Azken partida bederatzi golengatik irabazi zenuten baina ez zen partida erraza izan.
Partida arraroa izan zen. Ez ginen ondo hasi eta bigarren zatiko hamabosgarren minutura arte ez ginen hasi ondo jokatzen. Esan dizudan bezala, asko kostatu zitzaigun partidan sartzea, baina lehen zatiko azken minutuetan lau goleko errenta lortu genuen.
Bigarren zatiaren hasiera atzeratu zen, itoginengatik eta, berriro, kostatu zitzaigun hastea. Azken hamar minutuetan atera genuen tartea, fisikoki hobeto ginelako.
Fisikoa al da zuen alderik onena?
Erritmo handia ezartzen saiatzen gara, gazteak garenez eta ez oso altuak, egin dezakegu hori, eta batzuetan abantaila ematen digu horrek.
Eta falta zaizuena?
Altuera falta zaigu. Erasoan jaurtiketak egiteko, ez dugu kanpoko jaurtiketarik, eta defentsarako, altuera pixka bat gehiago ondo etorriko litzaiguke, batez ere defentsaren erdian.
Zer esango zenieke inoiz zien partidarik ikusi ez duten herritarrei?
Aurretik etorri gabekoak lehen aldiz etortzen direnean ondo pasatu izan dute, hori esan izan didate. Partidak entretenigarriak dira. Jende askok ez du bertatik bertara ezagutzen kirol hau, eskualdean zegoen zaletasuna galtzen ari da. Behin Hondartza kiroldegira etortzeko esango nieke, ikusiko dute nola dibertitzen diren.