Larunbat honetan Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekorako saioa izango da Elorsoro kiroldegian. Txapelketa eserita ikusteko sarrera guztiak saldu dira eta soilik zutikakoak gelditzen dira, prezio berezian.
Segurtasun arrazoiak tarteko ezin dituzte eserleku gehiago jarri, hortaz, saioa ikusteko gune berezi bat egokitu dute zutik ikusteko.
www.bertsosarrerak.eu webgunean daude salgai sarrera horiek, legeak baimentzen duen aforoa bete arte salduko dira. Sarrera normalak 10 euro balio du, Bertsozale Elkarteko bazkideentzat 8 euro eta gazteentzat 5 euro.
Larunbateko saioan sei bertsolarik kantatuko dute: Alaia Martin oiartzuarrak, Aitor Sarriegik, Agin Laburuk, Jon Maiak, Odei Barrosok eta Beñat Lizasok.
Uranga bigarren Gernika-Lumoko saioan
Joan den larunbatean txapelketako lehen finalaurrekoa jokatu zuten Gernika-Lumon. Jon Martin eta Jokin Uranga zeuden saio horretan; Uranga bigarren gelditu zen, 657,5 punturekin eta Martin laugarren 640,5 punturekin.