AMAk antolatutako Santa Zezilia Zikloan parte hartuko duten talde eta eragile guztiak.
Mende erdia egin du aurten Orereta Ikastolak, eta hainbat ekitaldi ari dira egiten urteurren biribil hori ospatzeko. Hurrengo txokoa Santa Zezilia zikloan egingo diote hilaren 23ean, 20:30ean, Fatimako Andra Mariaren Parrokian. Ekitaldi hori, ordea, AMA Andra Mari Abesbatzak antolatzen duen zikloaren barruan antolatu diren guztietan artean bat izango da. Zikloa larunbat honetan, hilak 16, hasiko da, eta hilaren 24ra arte (igandea) iraungo du.
Gaur egin dute aurkezpena AMAren egoitzan, eta bertan izan dira Mari Carmen Garmendia AMAko presidentea, Jose Manuel Tife AMAko zuzendaria, eta Luis Mari Ezeiza Orereta Ikastolako zuzendaria.
Ezeizak eskerrak eman dizkie ekitaldi hori antolatzen eta horren parte izango diren talde guztiei: AMA, Ereintza elkartea, Eresbil, EMKE Errenteria Musika Kultur Elkartea, Errenteria Musikal udal musika eta dantza eskola, Kukai dantza konpainia, Landarbaso abesbatza eta Fatimako Andra Maria parrokiari.
Tifek Orereta Ikastolaren omenez egingo den ekitaldiaren egitaraua zehatz mehatz azaldu du. Hala, bost emanaldi egingo dituzte, horien artean, nabarmentzekoa
Gure Añabitarte, egun horretan bertan estreinatuko baitute “ospakizunaren ereserkia”. Aitor Albisturrek egin ditu hitzak; musika, Txomin Agirregomezkortak, eta azkenik, Aitor Mitxelenak bandarako moldaketak. Guztiak Xabier Vesgak koordinatu ditu.
Beste emanaldiak, berriz,
Iparragirre abila dela,
Nire Marko Txikia (biak Landarbaso abesbatzaren eskutik),
Behe Nafarroako Inauteria (Ereintza dantza taldea, Errenteria Musikaleko dantza ikaslea eta EMKE) eta
Sorgiñeta (Kukai, Ereintza elkarteko txistularia, AMA eta EMKE Josu Mitxelena narratzaile lanetan) izango dira.
“Indar metaketa”
Tifek Santa Zezilia Zikloa osatzeko herriko indar artistikoen metaketa nabarmendu du: musika, dantza, bertsolariak, txistulariak, literatura… Horiek larunbat honetan jarriko dira martxan. Egun horretan mutxikoen emanaldia ikusteko aukera izango da, Beti Prest dantza taldearen eskutik.
Hurrengo ekitaldia asteartearekin iritsiko da, eta egun horretan, Errenteria Musikaleko Orkestra eta abesbatza, ikasleen banda eta euskal dantzako ikasleek hiru emanaldi egingo dituzte, 20:00etan, Fatimako parrokian.
Handik bi egunetara, ostegunean, AMAren harrobiko taldeak entzun ahal izango dira, ordu eta toki berean: Musika Tailerra, Orereta Txiki, Oinarri, Mutilen Taldea eta Orereta abesbatzak.
Igandean, berriz, abesbatzek atseden hartuko dute, eta bestelako soinu eta erritmoei egingo diete tokia. Hasteko, Udal Txistulari Taldea eta txistulariak Amulletako danborren kofradia lagun dutela kalean zehar ibiliko dira goizean zehar, eta ondoren, Xenpelar Bertso Eskolako bertso saioa entzuteko aukera izango da, txalapartariak lagun dituztela. Bukatzeko, Udal Txistulari Taldeak eta txistulariek udaletxeko arkupeetan kontzertua emango dute.