Udaleko eta Aztikerreko ordezkariak, gaurko agerraldian
Antxoko birziklatze tasa handitzeko, eta udalaren iritziz, “udalari hondakinen gaian urrats eraginkorrak egitea” dagokiolako Izaskun Biurrun gobernu taldeko kidearen arabera, hondakinak gaika biltzeko sistema berria barrutian abiarazteko erabakia hartu du gobernu taldeak. Amaia Agirregabiria alkatearen arabera, “jasangaitza” da hondakinen gaian Antxok bizi duen egoera, “urgentziazko neurriak behar dira”, eta nabarmendu du antxotarrek horri aurre egiteko “borondatea” badutela. Hortaz, barrutiko hondakinen gaia bideratzeko beharra eta herritarren borondatea kontuan hartuta, astelehenetik aurrera hondakinen bilketa ereduaren gaineko gogoeta prozesua hasiko dute, parte hartzearen bitartez, Aztikerrek gidatuta.
Alkateak, Donibaneko esperientzia aipatu du ere Antxon hondakinak biltzeko sistema berriaren beharra argudiatzeko. Izan ere, bai Antxon zein San Pedro eta Trintxerpen, gaikako bilketa %28ra iristen da, Donibaneko %84aren aldean, hondakinak gaika biltzen hasi zirenetik. “Donibaneko esperientziak erakutsi digu hasiera batean sakoneko aldaketa zirudienak, aldaketa txikia ekarri duela eguneroko ohituretan, eta aldaketa nabarmena hondakinen kudeaketaren datuei dagokionean”, esan du Haritz Perez gobernu taldeko kideak.
Horrela, hondakinen murrizketan, berrerabileran eta biziklapenean herritarrek urrats gehiago egiteko duten asmoa nabarmendu du Izaskun Biurrun zinegotziak, “eta udalaren ardura etiko eta politikoa da bitarteko egoki eta eraginkorrak jartzea”.
Parte hartze prozesua
Aztikerreko kideek hondakinak gaika biltzea areagotzeko sistemaren gogoeta prozesuaren berri eman dute. Horren helburua izango da hondakinen kudeaketa berria kokatzea, gobernu taldearen erabaki politikoa aurkeztuz; Antxon ezarriko den sistema berriaren ezaugarriak azaldu eta partekatzea; herritarren iritziak jaso eta partekatzea; zalantzak argitzea, eta herritarrek sistema berriarekiko dituzten proposamenak jaso eta aztertzea. Eta bi faseko sistema erabiliko da horretarako, fase bakoitzean launa batzarrekin, horiek taldeka antolatuta. Honakoak dira taldeak, eta horietako bakoitzari dagozkion batzar egunak:
- Euskarazko taldearen batzarrak: lehen batzarra hilaren 18an, bigarrena abenduaren 4an, biak 19:30ean Kultur Etxean.
- Gaztelerazko taldearen batzarrak: lehen batzarra hilaren 19an, bigarrena abenduaren 9an, biak 19:30ean Kultur Etxean.
- Ostalaritza guneen, elkarte gastronomikoen eta merkatarien batzarrak: bi batzar egingo dituzte, baina biak egun berean, abenduaren 10ean, lehena 14:00etan eta bigarrena 20:00etan, Kultur Etxean.
- Erretiratuekin batzarrak: hilaren 21ean eta abenduaren 5ean, 110:00etan, Kultur Etxean.
- Abenduaren 16an, 19:30ean eta Kultur Etxean, batzar orokorra egingo da ondorioak eta sistema berriaren behin betiko ezaugarriak azaltzeko.