"Erosketa ttikiak" egingo dituzte larunbatetan, bizikletaz, Irunen
Bidasoaldeko Kalapieren ekimenez, larunbatero-larunbatero hiriko dendetan erosketak bizikletaz egiteko bilduko dira hala nahi dutenak. 11:00etan bilduko dira Zabaltza plazan (euririk egiten ez duen larunbatetan), hiriko dendetatik ordubeteko bidea egiteko, “erosketak eginez, edo besterik gabe produktuen gaineko kontsultak eginez”. Larunbatetan erosketa ttikiak txirrindaz izena jarri diote ekimenari. Lehen saioa larunbat honetan (hilak 23) egingo dute.
Kalapiek ekimena antolatu du hirian bizikletaren erabilera sustatzeko. “Badakigu askok bizikleta erabiltzen duzuela erosketak egiteko, baina gero eta gehiago izan, seguruago joango gara eta gehiago ikusiko gaituzte auto gidariek nahiz herritarrek”, esan dute antolatzaileek. Bidasoaldeko bizikleta zaleen arabera, garraiobide hori erabiltzen dutenak “gutxi” dira Irunen, “eta gainera zatituta daude. Presentzia gutxi dugu errepideetan. Denon ardura da hori aldatzea”.