Irungo emakumeak kalera aterako dira, azaroaren 25aren harira

Irungo hainbat emakume elkartek eta udalak elkarlanean hainbat ekimen antolatu dituzte Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira. Uxoa, Argoiak eta Gaurko Andreak taldeek agerraldia egin zuten egitaraua aurkezteko, udaleko Ongizate zinegotzi Maite Cruzadorekin batera; izan ere, egitarau hori adostu dute azaroaren 25aren harira, Ongizate Saileko Aholku Batzordeko Berdintasun Batzordean. Cruzadok aipatu zuen “gizarte osoaren inplikazioa” beharrezkoa dela “emakumeen kontrako indarkeriarekin bukatzeko, bereziki aurten, emakume gazteen kontrakoari ezetz esateko. Gizonen eta emakumeen arteko harremanak berdintasunetik eraiki behar dira”. Horrez gain, hirian zehar 1.200 puntu lila banatuko dituztela iragarri zuten zerbitzu publikoetan: ikastetxeak, osasun zentroak, auzo elkarteetan, emakumeen elkarteetan, garraio zerbitzuetan, edo komertzioetan (Muganen bitartez). “Puntu lila hiritik zabal dadin nahi dugu, gure egunerokoan integra dadin nahi dugu, eta mezua etenik gabe zabaldu nahi dugu: emakumeen kontrako indarkeriari ez!”, zehaztu zuen Cruzadok. Honakoak dira azaroaren 25ari lotutako ekimenak: Hilak 25, asteartea
  • Udaletxean puntu lila jarriko dute goizetik.
  • 17:00etan, kafe tertulia Uxoa elkartean. Rosa Gomezek, Rosa Maria Sanchezen poema irakurriko du, eta aldi berean Mujeres maltratadas liburuaren pasarteak irakurriko dituzte; Mari France Hirigoyenena da liburua.
  • 19:00etan, Zabaltza plazan, elkarretaratzea.
Hilak 28, osteguna
  • 19:30ean, Gaurko Andreak elkartearen egoitzan, Hechos son amores dokumentalaren proiekzioa.
Hilak 30, larunbata
  • 19:00etan, Amaia KZn, dantza, musika eta bideo ikuskizuna, gazteentzat, Pauso-K Dance Estudioren eskutik.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.