Oiartzungo Sortuk Espainiako banderaren agindua herrira iritsi denaren haritik bere iritzia plazaratu du. Alderdi abertzalearen hitzetan, “eraso” hori eta da ezker abertzalearen, EH Bilduren edota Oiartzungo Udalaren aurkakoa, “Oiartzuni eta oiartzuar guztiei egiten zaien erasoa da”. “Inposaketa eta ukazioa eguneroko ogi dira Euskal Herrian estatu espainol eta frantsesaren eskutik, azken mende luzeetan. Forma eta intentsitate ezberdinez, baina beti bi estatu handiren menpeko garela garbi geratzeko asmoz”, adierazi du.
Ikurrinaren alde, hemengo sinboloen alde eta sortu den Ikurrinaren aldeko herri ekimena taldea txalotu ditu Oiartzungo Sortuk: “Herri bezala jasaten dugun eraso bakoitzari herri bezala erantzun behar diogula sinesten baitugu, alderdikerien gainetik”. Horren haritik, Oiartzungo EAJ alderdiak mugimenduari atxikimendua eman ez izana harritu du: “Ziur gaude beraien oinarri sozialeko kideek eta bozkatzaileek gustura babestuko luketela ikurrinaren aldeko mugimendu hau. Beraiek jakingo dute!”. Herriko
45 eragilek eman dute babesa.
Hala, herriko Sorturen iritziz Espainiako banderaren “inposaketa” hau “mende luzeetan herri zahar honek jasaten duen ukazio eta zapalkuntzaren adibide bat gehiago da”. Eta helburua zein den ere argi du: “Menpekoak eta menperatzaileak nortzuk diren azaltzea eta oiartzuarren artean zatiketan sortzea. Ongi baitakite agindu hau ez betetzeak ekarriko lituzkeen ondorioak larriak liratekeela”.
Horrez gain, herri honen sinboloak, bideak, etorkizuna… erabakitzea ukatu nahi dutela nabarmendu du alderdi abertzaleak: “Herri honek bere erabakiak bere kabuz eta inposaketarik gabe hartzea landu behar dugu herri gisa”.