Hiesaren gaineko informazioa jaso dute oiartzuarrek

Hiesaren aurkako eguna

Hiesaren aurkako eguna

Atzo Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen eta horren haritik herriko Harri Beltza elkarteak mahai informatiboa jarri zuen Doneztebe plazan, lazo gorriak ere banatzen aritu ziren, herritarren artean hiesari aurre egin eta transmisio katea eten behar dela aldarrikatzeko. GIBdunei begirako elkartea da Harri Beltza, baina baita haien senide eta ingurukoei laguntza eta babesa eskaintzeko gunea ere, “konfiantza zein konfidentzialtasuna eta eskarmentu handia eskaintzen dizkiogu datorrenari”. Hiesaren birusaren gaineko tratamenduen gaineko informazioa ematearekin batera, alderdi emozionala lantzen dute Oiartzungo elkartean, eta horretarako terapia eta tailerrak antolatzen dituzte: “Gure artean, norberaren esperientziarekin liburuen artean ikasiko ez genituzkeen hamaika kontu ezagutu eta konpartitzen ditugu terapia taldeetan”, Joseba Errekalderen hitzetan. Alderdi emozionala “izugarri garrantzitsua” dela argi du. Zentzu horretan, Harri Beltza ikasi, lasaitu, bizitza berriari aurre egiten hasi, jendea ezagutu eta bakarrik ez daudela sentitzeko gunea bihurtu dela azaldu du elkarteko presidenteak: “Behar dugu leku bat hiesaz hitz egiteko, jakinda ondoan dugun horrek ulertuko gaituela”. Bi kanpaina Bi kanpaina egiten ditu urtean zehar Harri Beltzak, negukoa eta udakoa. Udakoarekin orain 17 urte hasi ziren, “garai egokia da gure mezua zabaldu eta hiesaren gaineko informazioa helarazteko,  festak daudelako eta harremanetarako espazio gehiago zabaltzen direlako”, esan du Errekaldek. Elkartasun kontzertuak ere ez ditu ahaztu. Uztailaren 31n egiten dute Oiartzungo parrokian, eta jasotako erantzunarekin “harro” azaldu da Harri Beltzako kidea, “eliza lepo egoten da eta horren bidez kalera atera eta herriarekin harremantzen gara”.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.