Gizarteko hainbat arlotako pertsonak elkartu ziren Zuloaga Etxean
Urtarrilaren 11n Bilbon euskal presoen eskubideen alde egingo den manifestaziora joateko konpromisoa hartu zuten 50 lagun inguruk atzo arratsaldean Zuloaga Etxean. Bilboko deialdia herriz herriko atxekimendu asko jasotzen ari da eta atzo bertara joateko deialdia egin zuten Hondarribian, Tantaz tanta herri ekimeneko herriko taldeak egindako deialdiari erantzunez.
“Hondarribian ere asko gara deialdiarekin bat egiten dugunak, asko ezezagunak eta beste asko euren jardunagatik oso ezagun direnak, arlo ezberdinetan aritzen direnak”, azaldu zuten ekitaldiaren aurkezleek. Kultura arloko jendea zegoen, kirolariak —arraunlariak eta txirrindulariak, besteak beste—, hezkuntzakoa, ostalariak… “Tanta ezberdinak izanik ere,
Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal Presoak Euskal Herrira goiburuarekin bat egiten dugu”, gehitu zuten.
Ekitaldia bukatzeko taldeko argazkia egin zuten bildutakoek, baina horren aurretik Tantaz tanta ekimenaren manifestua irakurri zuten. Testuak ere, aurrera begiratzeko beharra nabarmendu eta horretarako espetxe politika aldatzea ezinbestekoa dela adierazten du: “Geroari begira jarrita gaude hemen, baina, ezer baino lehen, gatazkak utzitako zauriak itxi eta pilatutako sufrimendua arindu beharko dugu. Hortaz, pertsona guztien giza eskubideen errespetua zein presoei, iheslariei eta haien gertukoei ezartzen dizkieten salbuespeneko neurrien amaiera eskatzen dugu. Egiaz sinesten baitugu espetxe politika hau konponbiderako eta bakerako oztopoa dela, eta egoera iraultzeko ezinbestekoa dela gizartearen inplikazioa”.
“Aitortza” erta “erreparazioa”
Aurrera begiratze horretan aurretik egindakoa aztertu behar dela onartzen du idatziak eta, konponbiderako, “aitortza” eta “erreparazioa” behar direla gaineratzen du: “Nazioartean izan diren esperientzia guztiek erakusten dutenez, gatazka bat itxi nahi denean haren ondorioei heldu behar zaie nahitaez, besteak beste, biktima guztiei aitortza eta erreparazioa emanez eta preso eta iheslariak etxeratzeko bidea markatuz”.
Amaieran, urtarrilaren 11n Bilbon egingo den mobilizaziorako deialdia luzatzen du Tantaz tanta ekimenaren manifestuak. Testua osotasunean irakurri nahi duenak Tantaz tanta ekimenaren
webgunean aurkitu dezake.