Elena Silvestre errenteriarra onena, Donostiako berrehun urtekoan
Donostiako II. Berrehun Urteko lasterketa irabazi zuen atzo Elena Silvestre errenteriarrak. 7 kilometroak 25.25 minutuan egin zituen. Joan den urtean bigarren egin zuen, baina aurten iazko arantza ateratzea lortu du. Garaipena bere ahizpari eskaini zion, hirugarren izan baitzen Europako Txapelketan selekzioko taldearekin.
Bestalde, EATeko atletak ere ez dira geldi egon asteburuan. Batetik, pista estalian aritu ziren ostiralean, eta bestetik, Gipuzkoako kros txapelketa izan zuten, Azpeitian. Denborarik onena, Alebin Mailan lortu zuen EATek: Hiart Ibarguren hirugarren izan zen, eta brontzezko domina jantzi zuen. Orain arte marka onak egiten ari da gaztea, lehenengo izan baitzen Arrateko krosean, laugarren Lazkaon, seigarren Txingudin eta bigarren Zarautzeko krosean.
San Silbestre lasterketa
Hilaren 31ko San Silbestre herri lasterketarako izen ematea azken momenturako ez uzteko aholkatu du EAT Errenteriako Atletismo Taldeak. Izan ere, dagoeneko, 350 dortsal saldu dituzte, eta taldekakoan ere “harrera ona” izaten ari dela aurreratu du. San Silbestre Txikian, berriz, 500 lagun espero dituzte, EATek jakinarazi duenez.