EH Bildu: "Harrituta hartu ditugu Oiartzungo EAJren azkeneko hitzak"
Oiartzungo EH Bilduk ohar baten bidez bere harridura azaldu du herriko EAJk egin dituen adierazpenen aurrean. Batetik, ikurrinaren aldeko ekimenak EH Bilduk antolatu dituela esan dutela adierazi du koalizioak, Herri Ekimenak antolatu duela beharrean. Bestetik, “honelako ekimenekin Espainiako bandera jartzea beste aukerarik ez dugula estali nahi omen dugu. Aspaldi azaldu zuen Oiartzungo EH Bilduk Espainiako bandera jartzeko aginduak iristen ari zirela eta horren aurrean bide judizial guztiak agortuko zituela gertaera ahalik eta gehien atzeratzeko”. Ez duela ezer ezkutatu eta arazoa hasieratik plazaratu dutela nabarmendu du EH Bilduk.
“Hipokritatzat” ere jo dituztela salatu dute: “Hipokresia ez al da beraien prentsa oharrean zioten bezala ‘ikurrinaren aldeko EAJren konpromisoa azaldu nahi dugu, baina ez gara ikurrinaren aldeko ekitaldietan parte hartzera azalduko’ adieraztea?”.
Zalantza bat ere jarri du koalizioak mahai gainean: “Honek guztiak eta azaroaren 7an Lazkaoko EAJren prentsa oharra irakurtzeak zalantzan jartzen dugu idatzi hori Oiartzunen egina ote den”.
Galdera pare bat
EH Bilduk honen aurrean galdera pare bat ditu: “Zergatik ez ditu EAJ-PNVk ikurrinaren aldeko eguna eta Herri Ekimena babestu? Beraien oinarri sozialari eta bozkatzaileei azaldu beharko diete”, eta “zergatik erasotzen dute Bildu? PP eta PSErekin egin dituzten akordioak ezkutatzeko akaso? Urtarrilaren 11n Bilbon izango den presoen eskubideen aldeko mobilizazioan parte ez dutela hartuko ezkutatzeko akaso?”.
Espainiako banderaren “inposaketa” Bilduri kudeatzea egokitu zaiola azaldu du, “behartutako kudeaketa egin beharko dugu gure borondate politikoaren aurka”.
Oiartzungo EH Biilduk “borondatea” azaldu die beste eragile politiko —”tartean EAJ-PNV”— zein sozialei. Zenbait puntutan “oso iritzi eta helburu desberdinak” dituztela jakitun da koalizioa, “baina badira elkartzen gaituztenak: gure ikurrak, hizkuntza, lurraldea, herri eskubideak…”. Horien inguruan gauza asko elkarrekin egin ditzaketela ziur da EH Bildu: “Bai egin eta baita defendatu ere, herri bezala jasotako erasoak herri bezala erantzutea baita eraginkorrena”.