"Udal gobernuaren gatazkak konpontzeko gaitasun eza" salatu du Irungo EH Bilduk
Kalean jartzen diren kartelen eta iragarkien gaian udal gobernuak eman dituen datuen harira gogoeta egin du Irungo EH Bilduk. Koalizioaren ustez “udal gobernuaren gatazkak konpontzeko gaitasun eza agerian” jarri du datu hori ematerakoan —2013n 35.000 euro erabili ditu udalak kaleko kartelak kentzen—, eta diru hori panel gehiago jartzen inberti dezala eskatu dio udal gobernuari, “gainera, horrela, datozen urteetan gastu hau aurreztu egingo litzateke”.
Zentzu horretan, udalak gogorarazi du hiriko kaleko altzarietan —eserlekuak, farolak, zabor ontziak— kartelak eta bestelakoak jartzea debekatuta dagoela, eta horren kontrako araudia badagoela, isunekin. EH Bilduren ustez, ordea, udal gobernuak eman dituen datuek ondorioztatzen dute hirian kartelak eta iragarkiak jartzeko dauden panelak ez direla nahikoak, eta zuten helburua “galduta” dutela: “Udal gobernu honek, arazoaren errora jo beharrean, ordenantzetara eta isunekin mehatxatzera jo du, bere ezintasuna agerian utziz beste behin”.