Irun 30 egitasmoa abian jarri zenetik, %30 jaitsi dira istripuak hirian
Iazko uztailean Irun barneko errepide ia guztiak Irun 30 egitasmoaren barruan sartu zituzten, 2011ko eremua zabalduz. Hau da, hiri barruko bide gehienetan orduko 30 kilometrora mugatu dute abiadura; hala ere, abiadura hori gainditzen dutenei oraindik ez diete isunik jarri, informazio prozesuan baitago oraindik egitasmoa. Eta udalak horren gaineko datuak eman ditu: %30 jaitsi dira 2012arekin alderatuz istripuak hirian uztailetik.
Datu gehiago. Irungo erdialdetik dabiltzan autoen %90k ez du gainditzen orduko 40 kilometroko abiadura. Goizane Alvarez Udaltzaingoaren arduradunak esandakoaren arabera, Irunen azken sei hilabetean 9.000 ibilgailuri egin diete abiadura kontrola eta horietatik 876k gainditu dute ezarritako abiadura. “Irun 30 kanpainarekin lortu dugu erdialdeko trafikoa lasaitzea eta gure kaleetatik ibiltzen diren ibilgailu guztien elkarbizitza arinagoa da egun”, esan du Alvarezek.