Martxoaren 9an izango da aurten, Donostian, XXV. Lilatoia, eta Pasaiako Udalak emakumeak parte hartzera animatu nahi ditu. Hori dela eta izena emateko moduak erraztu eta Pasaiako Lilak taldearekin batera irtetera gonbidatu ditu.
Donostiako koordinadora feministak 1990 urtean antolatu zuen lehenbizikoz emakumeentzako 5 kilometroko herri lasterketa. Besteak beste, emakumeak kirola kalean egitera, lasterketa mistoetan parte hartzera eta kirolarekin atxikimendua izatera animatzeko eta, nola ez, emakumeek egindako kirol jardueren aitorpena aldarrikatzeko. Ordutik hogeita bost urte igaro dira, eta lasterketak gaur egun ere kirolean lehen urratsak emateko aitzakia izan ohi da emakume askorentzat.
Pasaian bada Lilatoira begira lanean ari den prestakuntza taldea, eta Pasaiako Lilak taldea ere antolatu dute, emakume pasaitarrak batzeko. Hortaz, parte hartzeko asmoa duten emakume pasaitar guztiei deia luzatu diete eta hala nahi dutenei herrian bertan izena eman dezaketela jakinarazi diete. Izen-ematearen prezioak: 9 euro txipa horia dutenentzat, eta 10 euro Lilatoneko txipa zuria alokatzen dutenentzat. Izen-ematea hilaren 20ra bitartean izango da zabalik, jarraian azaltzen diren toki eta orduetan. Ordainketa izen-ematearekin batera egingo da.
Trintxerpe:
Gizarte Ekintzako bulegoan: Euskadi etorbidea 27, behea
Astelehenetik ostiralera 8:30-14:00
Antxo:
Udal bulegoan: Gelasio Aranburu 8
Asteazkenetan 8:30-14:00
Ostegunetan 8:30-14:00
Donibane:
Arizabalo jauregian:
Astelehenetik ostiralera 8:30-14:00
Korrikalarien poltsak (dortsala, txipa eta kamiseta) Pasaian jasotzeko aukera izango da.
Izen-emate orria
Pasaiako Udalaren webgunean eskura daiteke.