Kalte handirik gabe joan da haizetea
Herenegun hasi eta atzo egun osoz iraun zuen eguraldi haizetsuak ez zuen kalte handirik eragin Hondarribian. Zuhaitzen bat puskatu zuen haizeak Jaitzubian eta golfaren inguruko errepide zatia adaxkaz bete zen, baina ez zuen aparteko trabarik sortu.
Eremu zabaletan ufada bortitzak izan ziren eta edukiontziak mugitu zituen leku askotan. Ttarrattenea eta Kattalin Erauso kaleetan (Muliate inguruan) hainbat edukiontzi bota zituen haizeak eta Jeneral Leiban, Alde Zaharran, kontenedore batek kalteak eragin zizkion aparkatuta zegoen ibilgailu bati. Jabeak salaketa jarri zuen udaltzaingoan.
Olatu handiak izan ziren baina aurreko astekoak baino txikiagoak. Gaur asko baretu da haizea eta hotzak hartu du haren lekua. Hurrengo denboralea noiz etorriko ote den, hori da orain guztiok botatzen dugun galdera.