Hainbat estreinaldi Orereta Ikastolaren 50. urteurreneko kontzertuan
Joan den azaroaren 22an bertan behera geratu zen Orereta Ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko antolatutako kontzertua, sare elektrikoan izandako arazo bat medio. Horrenbestez, berriro errepikatuko dute larunbat honetan, hilak 15. 20:30ean izango da Fatimako Andra Mariaren parrokian.
Orduan bildutako talde guztiak berriro elkartzea lortu dute antolatzaileek, eta eskerrak eman dizkiete euren konpromisoarengatik. Programari dagokionez, “herriko errepertorioa, herriko taldeek interpretatua” osatu dutela adierazi dute, eta baita euskarazkoa ere.
Kontzertu horretan zenbait estreinaldi izango direla ere iragarri dute. Oholtzara lehena igoko den taldea Landarbaso abesbatza izango da Aitor Mitxelena eta Norah Goikoetxea bakarlariekin, eta lehenengo estreinaldia euren eskutik iritsiko da: Xenpelarren Iparragirre abila dela, Iker Gonzalezen moldaketarekin. Segidan, Aritz adarrean-Kattalin interpretatuko dute.
Ondoren, EMKEko bandaren musika eta Ereintza dantza taldearen eta Errenteria Musikaleko euskal dantza ikasleen dantza ikusi eta entzuteko aukera izango da: Behe Nafarroako Inauteria.
Sorgiñeta izango da estreinatuko duten hurrengo obra, bandarako moldatua. Bandarekin batera, Andra Mari Abesbatza, Kukai dantza konpainia eta Ixiar Busselo eta Xabier Vesga igoko dira taula gainera.
Bukatzeko, Gure Añabitarte-ren bertsio moldatua entzun ahal izango da estreinakoz, bandarako moldatua. Bandarekin batera, Andra Mari eta Landarbaso abesbatzak eta Aroia Elissalt eta Ane Beltran bakarlariak ariko dira. Ereserki hori Txomin Agirregomezkorta eta Aitor Albisturrek idatzitakoa da.
“Taldeen laguntzarik gabe, ezingo zen aurrera atera”
Luis Mari Ezeiza Orereta Ikastolako lehendakariak eskerrak eman dizkie parte hartuko dute talde eta bakarlari guztiei, eta nabarmendu du ikastola fundatu zenetik, herriko musika eta kultur eragileekin elkarlanean aritu dela. Zentzu horretan, larunbateko kontzertuari erreferentzia eginez, horiek gabe ezingo litzatekeela aurrera atera adierazi du.
2013ko bigarren seihilekoan hainbat ekitaldi antolatu zituen Orereta Ikastolak urtemuga ospatzeko. Horien artean Pirritx, Porrotx eta Marimotos pailazoak Orereta eta Oinarri abesbatzarekin eta bandarekin emandakoa nabarmendu dute; 2.000tik gora lagunek parte hartu zuten.