Azken hamabost minutuetan kontrako bi penalti jaso eta gero 2-1 galdu du Hondarribiak Zarautzen
Ohorezko Mailako Hondarribia futbol taldeak 1-2 galdu zuen larunbatean Zarautzen. Partidaren hasieran aurreratu zen Hondarribia eta 74. minutura arte eutsi zion markagailuari eta aldea handitzeko aukerak izan zituen. Baina azken hogei minutuetan bi penalti jaso zituen kontra eta zarauztarrek markagailua irauli zuten.
Mikel Llorente entrenatzaileak HITZAri kontatu dionez, Hondarribiak ezin hobe hasi zuen norgehiagoka: “Taldeak partida primeran hasi zuen. Lehen minuturako irabazten gindoazen Haitzen gol bati esker eta horrek lasaitasuna eman zigun”. Hondarribiarrek jokoa kontrolpean izan zuten eta defentsan aparteko zailtasunik ez zuten eduki. Atsedenaldira joan aurretik bigarrena sartzeko aukera izan zuten, berriro Haitzek, “baina jaurtiketak zutoinean jo zuen”.
Llorentek onartu duenez, bigarren zatian nekea nabaritu zuten, “zelaia oso egoera txarrean zegoelako” eta etxekoek aurrera egiteko baliatu zuten hori. Nolanahi ere, defentsako lerroa ondo kokatuta zegoela eta arazo larririk ez zutela eduki gehitu du entrenatzaileak: “Partida kontrolpean geneukan, 75. minutuan arbitroak lehenengo penaltia seinalatu zuen arte”. Penaltiz berdindu zuen Zarautzek eta hondarribiarrek amorruz ekin zioten erasorari, baina emaitzarik gabe.
Partida berdinketarekin amaitu behar zela zirudienean, minutu batean dena aldatu zen. 94. minutuan Olaizolak aukera paregabea izan zuen bigarrena sartzeko kontraeraso batean, baina gola hurrengo jokaldian eta beste atean iritsi zen, Llorentek kontatzen duen bezala: “Inolako arriskurik ez zuen jokaldi batean, Olaetxeak baloia babestu egin zuen ateko sakera joan zedin eta hasiera batean arbitroak ateko sakea adierazi zuen”. Baina alboko epaileak banderatxoa altxatu zuen, eta epaile nagusiak iritziz aldatu eta penaltia adierazi zuen. Penaltia bota eta bigarren gola sartu zuten zarauztarrek, eta ez zen ezer gehiagorako astirik izan.
Llorentek ez du epaileei buruzko adierazpenik egin nahi izan, baina Zarautzera bidaiatu zuten hondarribiarrak oso haserre azaldu dira han geratutakoarekin, batez ere bigarren zatiko azken hamabost minutuekin. Hondarribia taldeko entrenatzaileak gaineratu du jokalariak burumakur eta amorratuta joan zirela aldagelara. “Horrela galtzea gogorra da. Aurkariak ez zuen gola sartzeko aukerarik izan eta hala ere esku hutsik bueltatu ginen herrira. Momentuan jokalariak lur-jota zeuden baina talde honek kemen handia dauka eta jadanik prest dago, gogotsu, larunbateko partidurako”.