150.000 euro inbertitu dituzte eta udazkenean beste 100.000 nahi dute
Urtero egin ohi duen bezala, Hondarribiko Udaleko Nekazaritza departamentua landa eremuko hainbat bide zolatzen eta konpontzen ari da aste hauetan. Hain zuzen ere Akartegi eta Jaitzubian egiten ari dira lan horiek eta 150.000 euro erabiliko dituzte, 2013ko aurrekontuari zegozkionak. Udazkenean Zimizargan eta Amuten egingo dituzte konponketak, aurtengo aurrekontua baliatuz.
Bordaberri Txiki baserri ondoan prentsaurrekoa deitu du gaur goizean Juan Luis
Kalixa Silanes Nekazaritza zinegotziak eta landa eremuko bideak geroz eta jende gehiagok erabiltzen dituela nabarmendu du: “Udalak oso ahalegin berezia egin du, 150.000 euro inbertitu ditugu auzo-bideak hobetzeko, eta uste dugu hori krisi garaian oso garrantzitsua dela. Gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu auzo-bideak, eta ederki eskertuko dute lan hori”.
Hiru bide zatitan egin dituzte konponketak: Bordaberri Txikin (195 metro), Bordaberriko Errekan (100 metro) eta Jaitzubiako Luberri Azpin (175 metro). Udazkenean beste 100.000 euro gastatuko dituzte bide konponketetan Txomiñeneatik Mikeleneara doan bidean, Bottika baserriaren aurrean (biak Zimizargan) eta Maidanea inguruan ere Amuten.
Bideen mantenu eta konponketez gain, nekazal bideen inbentarioa egin nahi du udalak eta horretara 68.000 euro bideratuko dituela gehitu du zinegotziak: “68.000 inbertituko dira Hondarribian dauden nekazal bideen inbentario bat egiteko eta udal lur sailen eguneratze bat egingo da, dokumentazio modura eduki ahal izateko”.