Urmendiko Zuzendaritza Batzordeko Sorkunde Lekuona (Haurtzaro Ikastolako zuzendaria), Naiara Arbelaitz (Urmendi haur eskolako zuzendaria) eta Aiora Perez de San Roman (Oiartzungo alkatea)
Udal Ikastola Partzuergoko eraikin berriari zein 0-3 hezkuntza proiektu osoari Urmendi izena jarri dio Zuzendaritza Batzordeak. Orain bi urte eta erdi sortu zen izena jartzeko egitasmoa, egoitza berria ireki zenean, hain juxtu. Ordu hartan hasi zen prozesua, baina ikasturte honetan heldu diote gaiari.
Esanahiz betetako izena dela nabarmendu dute Naiara Arbelaitz Urmendiko zuzendariak eta Ibintza Iragorri laguntzaile pedagogikoak: “Irudikatu nahi izan dugu haurrek hezte prozesuan ibilbide bat egiten dutela. Ura sortzen denetik ibai bihurtu arte handitzen doa, ibilbide baten barruan. Izenak sinbolizatzen du haurren hezkuntza, gure laguntzarekin”.
Izena nondik datorren ere argitu dute: Karrikako Zaldin gainean dagoen mendia da, hango tuneletik trena pasatzen zen, Artikutzako meategietatik zihoana. Horrez gain, Urmendi ur asko jaso eta ematen duen mendi-kaxkoa ere bada.
Haur eskolako irakasleek ere izena aukeratzeko prozesuan parte hartu dute eta hainbat proposamen bota zituzten. Bildutako erreka izenekin egoitza berriko ikasgela eta gainerako gelak izendatu dituzte; hala, bakoitzak Oiartzungo erreka baten izena du: Epele, Tornola, Ortadi, Uraundi, Arditturri, Gorritxo, Gobara, Illarrizu, Sarobexar, Zorrolak, Txalaka, Beintxipi, Ziara, Olaxar, Erain eta Leun.
Aurrematrikula irekita
Apirilaren 30ra bitarte haur eskolan aurrematrikula epea irekita dagoela gogorarazi dute. Aurten adinka egokitutako aurkezpen bilerak egiten ari da zuzendaritza. Gaur, hilak 26, ertainen geletako (1-2 urte) gurasoentzako bilera izango da, 17:30ean, Haurtzaro Ikastolako jantokian. Handik haur eskolako instalazioak ikustera joango dira. Hurrengo bilera martxoaren 25ean izango da, sehasketako haurren gurasoei (0-1 urte) zuzendua. Ordu eta toki berean izango da.
Informazio gehiago Urmendira bertara deituta (943 26 00 86) lor daiteke, 09:00etatik 12:45era.