Lanbide Heziketaren bi eragile garrantzitsu batzen dira Errenteria-Oreretan. Don Bosco institutuak eta Tknikak, biek dute egoitza Errenterian, eta udalak ez dio “balio erantsi horri” ihes egiten utzi nahi izan.
Gaur eguerdian lankidetza hitzarmena sinatu dute Tknikako zuzendari Iñaki Mujikak, Don Boscoko zuzendari Nicolas Sagarzazuk eta Errenteriako alkate Julen Mendozak. Aipatu hitzarmenak ekintzaileentzako haztegia eraikitzea du helburu eta horretarako Udalak Santo Angel de la Guarda eraikina (Tknika parean) utziko du bi entitateen esku, enpresa, egitasmo, edo proiektu berritzailea duen edozein ekintzailek bere egitasmoa non garatu izan dezan.
Egitasmoan Oarsoaldeko Garapen Agentziak parte hartuko du ere bai, enpresa txiki eta ertainak bultzatzea beti izan delako garapen agentziaren egiteko garrantzitsua.
Hitzarmena sinatzeko ekitaldian Julen Mendozak azaldu duenez, “planteamendua Tknikatik sortu da”. Bertako arduradunek udalarengana jo zutenean, udala Plan Estrategikoa lantzen ari zen. Jakina denez, aipatu planean bada ekintzailetza eta ekonomia soziala bultzatzeko asmoa duen lan lerro bat. Hortik aurrera asmoak adostu eta gaur plazaratu den foroa eraikitzea “erraza” izan dela aitortu du Mendozak, “hirurak bat etorri direlako hasiera-hasieratik”.
Sei urtetan, hogei enpresatik gora
Don Boscoko zuzendari Nicolas Sagarzazuk esan duenez, Don Boscorentzat “oso garrantzitsua da beste instalazio batzuk erabiltzeko aukera izatea”. Hori dela eta eskertu egin du udalaren apustua. Don Bosco institutuan ekintzailetasuna ildo estrategikoa dela nabarmendu du zuzendariak eta “ikasle eta ikasle ohiek beren ideiak martxan jartzeko espazioak edukitzea” eskertzekoa dela esan du.
2007. urtetik hona Don Boscok 20tik gora enpesa sortu dituela nabarmendu zuen Don Boscoko zuzendariak, eta bi izan ezik beste guztiak gaur egun martxan daudela argitu zuen. Ildo beretik, Don Boscok plan estrategiko berrian murgildu berri dela jakinarazi zuen (2013-2017) eta berau bukatzerako helburua “gutxienez enpresa kopuru hori berdintzea dutela” argitu du.
Ekintzailetzarekin batera, sormena eta berrikuntza sustatu nahi dutela esan du Sagarzazuk.
Tknika gizarteratu nahi
Tknikako buru Iñaki Mujikak beren zentroaren egitekoaz jardun du hitzarmena sinatzeko ekitaldian. Azaldu duenez, Tknika Lanbide Hezkuntzako berrikuntza eta ikerkuntza zentroa da, eta 2009an sortuz geroztik beren xedeetako bat zentroa bera gizarteratzea izan dela esan du. Beren bezeroak Don Bosco bezalako institutuak direla azaldu du eta Lanbide Heziketako institutuetatik eratorritako proiektuen “arrakasta tasa” nabarmendu du.
Mujikak emandako datuen arabera 2000. urtean Urrats Bat izeneko programa martxan jarri zenetik, 376 enpresa sortu dituzte EAEan dauden 57 eskolatan. Horietatik 285 lanean ari dira gaur egun.
Krisiarentzako gakoa
Lanbide Heziketaren balioa nabarmendu nahi izan du gaurko agerraldian Mujikak. Esan duenez, krisiari aurre egiteko “faktore ardatza” da Lanbide Heziketa, eta horregatik beren aldeko apustua egin behar dela defendatu du.
Ildo beretik, Don Boscoko zuzendariak azaldu du “etorkizunean eragin handia izan dezaketen proiektu asko dituztela esku artean”. Teknologia berriak, karbono zuntza, biomasa, 3D inprimagailuak, Smart Space edo etxebizitza adimendunak… horiek eta beste hainbat aipatu zituen adibide gisa. Tknikan ere hamar Junior Expert ari dira une hauetan lanean proiektu berriak garatzen, eta esan dutenez, horietatik seik aurten has daitezke haztegi berrian lanean.
Hitzarmenaren bidez Oarsoaldea garapen agentziak bost konpromiso hartu ditu bere gain
1.- Tknikak eta Don Boscok sustatutako proiektuei emandako laguntzak osatzea, Oarsoaldean dauden proiektu ekintzaileei aholkularitza zerbitzuak emanez.
2.-Tknika eta Don Boscoren proiektuak Oarsoaldean dauden pertsona ekintzaileen eta enpresen sarearekin harremanetan jartzeko konpromisoa.
3.- Ahalbidetzea Tknikak eta Don Boscok lagundutako pertsona eta proiektuak parte har dezaten Oarsoaldeak eta Herrilaben pertsona ekintzaileek sustatutako taldekako dinamiketan.
4.- Ahalbidetzea Tknika edota Don Boscok lagundutako pertsona eta proiektuek parte har dezaten Oarsoaldeak sustatutako formazio ekintza, gertaera eta jarduera edota proiektu guztietan.
5.- Eskualdeko enpresa ekintzaile eta enpresei Tknikaren eta Don Boscoren proiektu, ikerketa, azpiegitura eta baliabideei buruzko informazioa helarazi.
Hitzarmena sinatzeko ekitaldia, Tknikan