14 hilabetean liburutegi berria izango da Irungo San Juan plazan
Gaur hasi dira Irungo San Juan plaza azpiko liburutegia egiteko lanak. 14 hilabetean egingo dituzte lan horiek, 2,3 milioi euroko aurrekontuarekin. Obras Especiales Gipuzkoa SA enpresak burutuko ditu. Hortaz, Carlos Blanco Aginaga izena jarri dioten liburutegiak 2015ko maiatzean zabalduko ditu ateak.
Lehen faseko lanak dira gaur abiatuko direnak. Horren barruan, egungo obaloan dauden 200 metro koadroez gain, 2.550 metro koadroko gunea egokituko dute liburutegirako; ikasketa aretoak ere egingo dituzte bertan, baita ordenagailuen gunea ere. Cristina Laborda Obretako udal ordezkariak esan du liburutegiarekin San Juan eremuko urbanizazio guzti-guztia egiteko beste urrats bat direla.
Gune moderno, zabal, erabiltzeko erraz eta funtzional modura antolatuko dute liburutegi berria. San Juango arrapalatik edo igogailutik sartu ahal izango da bertara, eta besteak beste, haurrentzako liburutegi autonomoa ere izango du.