Claudia Behobide: "Kirola mundu guztiarentzat da, disfrutatzeko"

Olazabal Kirol Sariak banatu zituzten lehen aldiz ostiralean. Sarien izena daraman Txema Olazabal golfistak aipamen berezia jaso zuen, eta gainontzeko saridunak hauek izan ziren: Ion Areitio (gizon kirolari onena), Claudia Behobide (emakume kirolari onena), Hondarribia Arraun Elkartea (talde onena) eta Joseba Llorente (kirolarekin zerikusia duen pertsona).

Behobide, sariarekin

Behobide, sariarekin

Olazabal Kirol Sariak banatu zituzten lehen aldiz ostiralean. Sarien izena daraman Txema Olazabal golfistak aipamen berezia jaso zuen, eta gainontzeko saridunak hauek izan ziren: Ion Areitio (gizon kirolari onena), Claudia Behobide (emakume kirolari onena), Hondarribia Arraun Elkartea (talde onena) eta Joseba Llorente (kirolarekin zerikusia duen pertsona). Azken atal horretan bozketa oso parekatua egon zen eta bigarren sailkatua ere saritu nahi izan zuen epaimahaiak, Joseba Sarriegi. Claudia Behobide korrikalaria izan da emakume kirolari onenaren Olazabal Kirol Saria jasotzen lehena. 2013an ia dena irabazi zuen arren ez zuen saria espero, hautagaien artean “txapeldun izateko prestatzen diren kirolariak” zeudelako. Sevillako maratoitik burumakur etorri eta Itsas Etxean aurpegia aldatu zitzaion. Sariak oso ideia ona direla uste du, “denak elkartu eta kirol pila bat daudela” erakusteko balio dutelako. Hondarribikoko emakume kirolari onena. Pozik? Bai, bai, oso pozik. Oso inportantea da niretzat, Hondarribiko jendeak erabaki duelako ni naizela kirolari onena. Finean, ni atleta popularra naiz eta egiten dudan lana jendeak errekonozitzea eta baloratzea, hori da saririk garrantzitsuena. Sevillako maratoian gaizki pasatu eta sei egunera iritsi zaizu saria, gainera. Denbora tarte txikian kirolaren bi aldeak, sakrifizioa eta fruitua. Bai, Sevillara kili-kolo iritsi nintzen eta maratoia bukatu egin nahi nuen. Donostian gaizki egin nuen eta ez nuen bukatu eta Sevillara bukatzera eta denbora ona egitera joan nintzen. Azkenean dena gaizki atera zen, baina bukatzea lortu nuen. Pixka bat burumakur etorri nintzen eta sari jasotzea itzela izan da. Banekien hautagai nintzela, baina Espainiako txapeldunak zeuden, horretarako prestatzen den jendea zegoen eta niri ematea… Nik uste esfortzua, dedikazioa, baloratu dutela, jendeak betidanik ezagutzen nau eta saria horregatik eman didatela uste dut. Baina bai, triste itzuli nintzen Sevillatik eta oso pozik atera nintzen Itsas Etxetik. Sari banaketaren une batean hautagai guztiak igo ziren oholtzara, 80 pertsona guztira. Horietatik 79 txikitatik kirolari izandakoak. 80.a, zu. Ez dakit nola azaldu hori. [Arnasa hartzen du, pentsakor] Kirola egiteko gogoa baduzu berdin dio adinak, uneak, horrek ez du axola, sakrifizioak konpentsatu egiten duelako. Jendeak esaten dit, ama batzuek, korrika egiten hasi nahi dutela, ‘bada, hasi’ esaten diet, hori baino ez, ‘prestatu zaitez eta hasi korrika egiten’. Ez dizut esaten konpetitzeko, horretarako bai denbora eta dedikazio handia behar delako, baina kirola mundu guztiarentzat da, disfrutatzeko, berdin dio ibiltzea, korrika egitea, igerian aritzea, berdin dio zer, nahi dutena egitea.

Lasterketa handiak, txikiak, auzokoak, ezagunak, ezaguna ez direnak, denak nahi ditut ondo egin”

Bada Hondarribian korrika elkarrekin egiteko elkartzen den emakume talde bat. Hasieran zuk lagundu zenien gainera. Bai, oso gustura ibili nintzen. Jende pila bat etorri zen korrika egitera baina azkenean utzi behar izan zuen, denborarik ez nuelako, haurrak, lana, entrenamendua, gauza asko ziren. Baina jarraitzen dute eta hogeita bost inguru dira, eta beste asko ezin dira horra joan eta beste egun batzuetan egiten dute, larunbatetan, igandetan. Segitzen dute. Polita da hori. Ari dira emakumeak ateratzen, eta modalitate askotan gainera. Bai, askotan ematen du arrauna besterik ez dela egiten Hondarribian. Gauza gehiago daude eta hori sarietan ikusi zen, bela, tiraketa, hipika. Espainiako txapelketak irabazitako kirolariak daude jendea ezagutzen ez dituena. Ikusiko bagenitu egunero entrenatzen jakingo genuke zein sakrifizio egiten duten. Horregatik oso polita izan dira sariak, denak elkartu eta kirol pila bat daudela ezagutaraztea, existitzen direla eta bultzada bat eman behar zaiela jarraitu dezaten. Eta jendeak jakin dezala kirol horiek praktikatzeko aukera dagoela herrian, nahi izanez gero badutela aukera hori. 2013a sekulako urtea izan zen zuretzako, garaipen pila lortu zenituen. Txingudi Korrika, Donibane Lohizune-Hondarribia, Behobia-Donostia, hemengo San Silbestre, herri lasterketen sailkapen nagusia… Bai, oso ona izan da. 2011 ere oso ona izan zen, marka onenak urte hartan egin nituen. Behobian, adibidez, 1:14 egin nuen, ez nuen irabazi, hirugarren geratu nintzen baina podio hori lortzea sinestezina izan zen, marka bikainak dituzten Wucro taldeko bi kirolariekin podioan eta irabazi zuenak probako marka berria egin zuen. Eta ni podio horretan egotea sinestezina izan zen. 2011 oso ona izan zen, marka onenak egin nituelako baina lasterketa asko irabazi gabe. 2013an irabazi ditut lasterketa horik. Bi urte oso garrantzitsu dira, ezin naiz kexatu. Baina gauza batekin bai zara kexu, Donostiako maratoia ez bukatzearekin. Hori da aurten hobetu nahi duzuna? Bai, 2011n irabazi nuen eta marka ona egin nuen, 2 ordu eta 47 minutu. Aurten oso ondo nengoen fisikoki, gauza guztiak ondo ari zitzaizkidan ateratzen, eta ez nuen bukatu, ezin izan nuen bukatu. Arantza hori nahi dut kendu aurten, maratoia bukatu eta ondo egin. Hori da urteko helburu nagusia? Ez, lasterketa guztiak egin nahi ditut ondo [barre egiten du]. Bai, bai, zaila da, baina horrela da. Lasterketa handiak, txikiak, auzokoak, ezagunak, ezaguna ez direnak, denak nahi ditut ondo egin, berdin zait 100 edo 5.000 garen, nik denak nahi ditut ondo egin eta denetan irabazten saiatu.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.