Eñaut Elorrietak zabalduko du Antxoko Musika Astea
Pasaitarrak Musika Elkarteak aurkeztu du aurtengo Musika Astearen egitaraua. Hilaren 21ean hasiko da, eta 30ean bukatu, eta tartean, zazpi kontzertu izango dira. Ken Zazpi taldeko Eñaut Elorrietak zabalduko du aurtengo egitaraua, hilaren 21ean, 20:30ean, Antxoko kultur etxean emango duen kontzertuarekin. Hurrengo egunean, hilaren 22an, Haizea Muñoz sopranoak abestuko du Antxoko elizan, Ana Belen Garcia piano jotzaileak lagunduta. Kontzertua 20:00etan izango da. Hilaren 23an Pasaia Abesbatza eta Pasaia Gazte Abesbatzaren txanda izango da. 19:30etik aurrera abestuko dute bi koruek elizan.
Hilaren 28an jarraituko du Musika Asteak, Musikeneko hari-laukotearekin. 20:30ean joko dute, elizan. Hilaren 29an, berriz, Ibon Irijoaren jazz-konboak joko du, kasu honetan, kultur etxean, 20:30ean. Hilaren 30ean, kontzertua bikoitza izango da. Eguerdian, 13:00etatik aurrera, Illunbe Musika Bandaren kontzertua izango da Gure Zumardian. Arratsaldean, azkenik, 19:30ean Oñati Txiki abesbatzak abestuko du elizan.