Oarsoaldeko Kirol Mahaia lanean ari da Eskola Kirolaren barruan asteburuetan bertako herrietan izaten diren partidetara lehiakideek garraiobide jasangarriak erabil ditzaten. Eta orain, udaberriarekin eguraldia hobetuko denez, ideia horretan sakondu nahi dute. Izan ere, ikasturte hasieratik partidetara egin diren bidaien erdia baino gutxiago egin dira modu jasangarrian, 28.940tik 13.084. Jasangarrienetik hasita, garraiobide jasangarritzat honakoak hartu ziren: oinez, bizikletaz, patinetan, garraio publikoan eta azkenik, auto partekatuan.
Hortaz, auto ez partekatuan partidetara joan direnak 15.856 izan dira 2013-2014 ikasturtearen hasieratik. Eta hori irauli nahi du kirol mahaiak, jakinda udaberriko eguraldiak horretan lagun dezakeela, eta horretarako baliabideak jarri dituela Oarsoaldea Garapen Agentziak, “dei egin nahi diegu berriz ere guraso eta ikasleei zehaztuta dauden ibilbide eta garraiobide jasangarriak erabil ditzaten”, esan du Ainhoa Zabalo Oarsoaldeko presidenteak.
Erabilitako garraiobideei dagokionez, 2013-2014 ikasturteko balantzea, zenbakitan, honakoa da, joan-etorriak kontuan hartuz:
- Oinez: 6.504.
- Bizikletaz: 112.
- Garraio publikoan: 866.
- Auto partekatuan: 5.602.
- Partekatu gabeko autoan: 15.856.