Uholde arriskua murrizteko lanak egin dituzte Altzibar auzoan
Altzibarko Olalde eremuan eraiki diren babes ofizialeko 90 etxebizitzen eta 42 tasatuen jabeak hasi dira etxebizitzak ikusten eta laster eskriturak sinatuko dituzte. Hala jakinarazi du udalak eta maiatzean giltzak ematen hasiko direla gehitu du.
2007an hasi ziren Olaldeko eremua garatzeko lanean eta 2011 urte bukaeran hasi ziren eraikitzen. “Oraindik dozena erdi BOE esleitu gabe daude eta etxebizitza tasatu guztiak batzuk ere falta dira saltzeko. Oiartzuarrek lehentasuna dute bi promozioetan. Babes ofizialeko etxebizitzak, denak, eskatzaile oiartzuarrentzako izango dira. Tasatuak ere hala ziren hasiera batean, baina eskatzaile oiartzuarrekin bete ez zirenez, Oarsoaldeko eta Bidasoako beste herrietako bizilagunei ere erosteko aukera zabaldu zaie”, gaineratu dute.
Olalde Altzibarren egonik eta auzo horrek uholdeak pairatzeko arriskua duenez, Oiartzungo Udala eta URA agentzia elkarlanean ari dira eremua garatzeko prozesuan, “hasiera-hasieratik. Olalde eremua egoki garatzeaz gain, auzoa ez kaltetzea eta Altzibarren egoera orokorra hobetzea aintzat hartu da”.
Hala, lanak hasi aurretik lau ikerketa egin zituzten eta uraren agentziak lauak ontzat eman zituen. Hori horrela, udalak eta Jaurlaritzak hitzarmena sinatu zuten. Batetik, etxebizitzak eraikitzeko baimenak lortu ziren eta, bestetik, URA agentziak bere gain hartu zituen eremuaren segurtasuna bermatzeko zenbait hobekuntza. “Olaldek izan dezakeen uholde arriskua gutxitzeko, besteak beste, Portuene (Zokolo bidea) eta Arotzenen (Pitusa atzean) zeuden zubiak eraitsi eta bi berri eraiki dira, zabalera handiagoarekin eta kota altuagoetan. Honela, euriteetan errekaren ur emaria handitzen denean urak bere bidea egiteko tokia izatea bilatzen da, uholdeak saihesteko”.
Etxebizitzez gain, bestelako azpiegiturak sortu dira Altzibarko Olalde eremuan, hala nola, oinezkoentzako gune handi bat etxeen inguruan eta bidegorri zati berri bat, Zokolotik Cadarsoraino doana, Karrikako bidegorriarekin lotzeko.