Ohorezko Mailako Hondarribia futbol taldeak Anaitasunaren kontra galdu zuen larunbatean (1-0) eta jaitsiera postuetara gerturatu da, azken hirugarrenak ezustekoa eman zuelako Ondarroan. Beti Gaztek ere irabazi zuen, Lasarten, eta, hortaz, Hondarribiak postu bat galdu du eta hamahirugarren jarri da. Atzetik ditu Bergara eta Touring —biek galdu dute asteburuan—, baina Zarautzek eskuratutako hiru puntu garrantzitsu horiekin mailari eutsi nahi diola erakutsi die aurkariei.
Hurrengo bi partidak etxean jokatuko ditu Hondarribiak. Heldu den larunbatean sailkapeneko azkenak, Lagun Onakek bisitatuko du Hondartza, eta ostegun santuan Aurreraren kontra atzeratutako partida jokatuko dute, 12:00etan. Bi partida horiek irabazten saiatuko dira berdeak lehen baino lehen salbazioa lortzeko. Hondarribiak hurrengo bi partidak irabaziko balitu, sailkapeneko erdialdera jauzi egingo luke.
Preferentera hiru talde jaisten dira, edo lau 3. Mailatik Gipuzkoako bi jaisten badira. Egun hori zaila dirudi, 3. Mailako sailkapeneko azken bi tokietan Bizkiaiko bi talde daudelako, eta tarte handia dutelako salbazioarekiko. Hala, eta kontuan izanda Lagun Onakek eta Ketak salbatzeko ia aukerarik ez dutela, jaitsierako postu bat dago jokoan eta sei hautagai. 11. tokian dagoen Beti Gaztek hamaseigarrenak baino lau puntu gehiago ditu, eta bost partida geratzen zaizkie jokatzeko —eta beste bat gehiago Hondarribiari—.
Ohorezko Maila. Azken postuak
- 10. Ostadar. 37 puntu.
- 11. Beti Gazte 33 puntu.
- 12. Vasconia 32 puntu.
- 13. Hondarribia. 32 puntu.
- 14. Bergara. 31 puntu.
- 15. Touring. 30 puntu.
- 16. Zarautz. 29 puntu
- 17. Getariako Keta. 21 puntu.
- 18. Lagun Onak. 19 puntu.