Oscar Usetxi aldundiko Berrikuntza zuzendaria, Jone Idiazabal (Artiola) eta Kepa Oliveri (Ereintza)
Maiatzaren Lehenarekin hasiko da aurten
Euskal Herriko Eskulangintza Azoka, Errenteria-Oreretan. Igandera bitartean, Euskal Herritik eta Espainiako Estatutik etorritako artisauen lanak erosi eta beraiek nola lan egiten duten ikusteko aukera izango da Merkatuzarren. Aurten, 44 artisau izango dira, hamasei berriak.
Azoka lau egunez egongo da irekita, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era, eta egun horietan 6.000 bisitari espero dituzte.
Ekintza hori Ereintza elkarteak antolatu du Artiolarekin elkarlanean, eta Errenteriako Udala eta aldundiaren babesarekin.
Antolatzaileek gogorarazi dutenez, erakusleiho garrantzitsuenetako da Errenteria-Oreretakoa, “antzinatasunarengatik nahiz antolamenduarengatik”. Hori oso baliagarria dela artisauentzat nabarmendu dute, “produktuak zuzenean saltzeko aukera eskaintzen baitie, baita jendea ezagutzekoa ere, etorkizuneko salmentei edo merkataritza harremanei begira”.
Zura lantzen dutenak gehienak
Artisau gehienak zura lantzen dutenak dira: bederatzi. Horrez gain, burdina eta metala, ehunak, beira, buztina eta papera eta kartoiaren gainean lan egiten dutenak ere ikusi ahal izango dira. Horietako asko, gainera, nazioartean saritutako autoreak izango dira: Gotzon Huegun eskultore eta zizelkaria, Jose Pablo Arriaga zizelkaria, Iñaki Unanue forjaria, Nuria Conesa feltrogilea eta Jana Lottemburger grabatugilea.
Hain zuzen, Gotzon Huegunek Igor Obeso beiragilearekin batera, pieza bat diseinatu eta landuko dute azokan bertan. Horrekin diziplinen arteko lankidetza erakutsi nahiko dute.
Sariak
Erakusmahai onena eta artisau produktu onenak sarituko dituzte azokan zehar. Hala, Artisau-produktuaren Kalitateari Saria 350 eurokoa izango da, eta Erakusmahai Onenaren Saria 250 eurokoa.
Horrez gain, 60 euroko erosketa txartelak zozkatuko dituzte bezeroen artean: egun bakoitzeko bina (bat goizean eta bestea arratsaldean).